Ondoren datozenak telebista kateek eman dituzten azalpenak dira iturri ofizialak aipatuz. Bat: hilketen egileetako bat identifikatu zuten autoan nortasun agiria ahaztu zuelako. Bi: Kouachi anaiak inprenta barruan zeudela enplegatu bat ezkutatuta zegoen; pertsona honek, SMS bitartez, agenteei jakinarazi zizkien eraikinaren ezaugarriak eta une oro bikotearen posizioa. Hiru: supermerkatuan, Coulibalyk, telebista kate batekin hitz egin ostean telefonoa itzaltzea ahaztu zuen; hortik zekiten segurtasun indarrek barruko egoera zein zen.
Ikerketari buruz azaleratu dituzten gakoak, beraz, kasualitateaz lotuta daude. Zein baino zein azalpen harrigarriagoa, gainera. Ez da eman bestelako argibiderik: punta-puntako teknologiaren edo prozedura berezien eginkizuna, adibidez.
Batek daki kasualitate hauek gertatu ziren edo ez. Edonola ere, ez dugu harritzerik, garai bateko atxiloketa asko "control rutinario"-etan gertatzen baitziren…