Aralarko mendietan, beraz, eta Jeronimo artzainaren arabera, "aitzen" jakitea ezinbestekoa da. Eta guretzat? Informazioaren eta hiperkomunikazioaren aroan bizi garenontzat? Jeronimok baino whatsapp, telegram mezu, e-mail, tuit eta instaistory gehiago jaso eta bidaltzen ditugunontzat, zenbaterainoko garrantzitsua da entzutea?
Guk oraindik ere beti konektatuta eta komunikatuta gauden garai honetan, sinesten dugu entzutearen indarrean. Eta esan genezake horretan gabiltzala Debagoiena 2030 egitasmoaren baitan.
Entzun, eraldatzeko
Debagoiena 2030 eskualdearen eraldaketa helburu duen sarea da. Hainbat eragilek, enpresak, elkartek, administrazio publikok eta norbanakok osatzen dugu. Eraldaketarako gakoak ezagutzeko, eta aldaketarako palanka izan litezkeenak identifikatzeko, berrikuntza sozialean oinarritutako metodologia bat darabilgu. Baina berrikuntza sozialak asko dauka lehendik ondo egiten zena –moduak berrikusita– egitetik. Bada, eraldaketarako gako horiek ezagutzeko, lehenengo eta behin, entzun egiten dugu. Sakoneko elkarrizketak dira entzute horren oinarrian erabiltzen ditugun tresnak. Elkarrizketa hauek ordu eta erdi inguruko iraupena izaten dute. Urtarriletik gaurdaino, 113 pertsona elkarrizketatu ditugu; jatorri, klase sozial, adin, lan eremu, sexu, genero… ezberdinetakoak. Honetaz gain, zortzi eztabaida talde egin ditugu, eta baita elkarrizketen bidez lortutako informazioa kontrastatzea helburu duten lau saio ere.
Lan honetan dozena bat elkarrizketatzaile gabiltza – Txatxilipurdikoak, EMUNekoak eta MUkoak–. Elkarrizketen helburua Debagoieneko behar eta erronka nagusiak identifikatzea da. Azken finean, goian aipatutako eraldaketa hori sortzeko, sakatu beharreko tekla egokiak identifikatzea.
Denek dute zer kontatu
Gaur-gaurkoz, eta 113 elkarrizketa egin ostean, esan genezake elkarrizketatuek dituzten kezka, behar eta erronkak kalean nahiko presente daudela. Hau da, ez dugu ezer deskubritu. Baina ordu eta erdi pertsona batekin egotearen poderioz, pertsona horrek gai konplexu baten aurrean daukan jarrera eta ikuspuntua ulertzen saiatu gara. Horrela, mugikortasunaren edo garraio publiko sare baten egoera prisma ezberdinetatik ikusi ahal izan dugu. Kultur aniztasun eta arrazakeriaren gaia talaia ezberdinetatik bizi ahal izan dugu. Entzun ditugu gazteek nagusiagoekiko dituzten kexak, baita zaharragoek gazteagoekiko dituztenak ere. Erretirora iritsi eta bilobak zaintzeaz nazkatuta dauden aitonaamonak –egiari zor, amona gehiago–. Pentsio duinagoen alde etengabe borrokan dihardutenak, inoiz baino biziago sentitzen diren adineko pertsonak. Egunerokoan ingurukoengan –gugan–, etengabeko jarrera arrazistak bizi dituen migrantea. Erlijioa guk ulertzen ez dugun modu batera bizi duen amona. Gure basoek lo-orduak kentzen dizkioten gaztea. Segurtasunik ezak eta drogen kontsumoak gora egin duela urduri eta beldurtuta baieztatzen duen ama. Bere sorterria Espainian orain dela 50 urte utzi zuen andaluziarra, eta jaioterriari buruz hitz egitean oraindik ere emozionatzen dena. Euskararen erabileraren jaitsieraz kezkatuta daudenak. Eta horren normalizazioa inposiziotik bizi dutenak. Lehenengo sektorearen etorkizunaz kezkatuta daudenak, edo industriarenagatik, edota herrietako denda txikien itxiera antsietatez bizi dutenak. Eta erosketa guztiak Amazonen egiten dituztenak, herrietako dendetako prezioez kexu. Kontziliatzeko neurri duinengatik lantokian borrokan ari dena –sarri, emakumea–, eta kontrara, kontziliazioaren kontua etxean argitu behar dela dioen arduraduna. Edota hezkuntzaren baitako sareen gatazka –ikastola vs publikoa– min izugarriz bizi dutenak. Edo gaur-gaurkoz, bullying homofobikoa eskolan jaso duten homosexualen hitzak.
Beraz, guztiz harritzeko kontu nabarmenik entzun ez arren, hau da, formula magikorik deskubritu ez arren, jendea entzuten gabiltza –saiatzen, bederen–. Eta konturatu gara pertsona orok daukala kontatzeko zerbait. Eta jendeak badaukala entzuna izateko gogoa, jendea parez pare zabaltzen baita.
Orain, beste bi urtean, behintzat, beste horrenbeste elkarrizketa egitea dagokigu guri, ahalik eta informazio gehien lortu eta berau xehe-xehe aztertzeko. Entzuten jarraitzea dagokigu, eta zuei berriketan egiten segitzea.
Horren ondoren, elkarrizketetatik irten diren erronkak identifikatu, eta aldaketarako gakoak detektatutakoan, planteatzen diren arazoen neurriko erantzunak bilatzen saiatzea dagokigu. Eta ez da hori ere lan makala izango. Kezka eta behar ezberdinei erantzuteko, denon artean diseinatu eta aurrera eraman beharko ditugu proiektu ezberdinak. Ez daukagu dudarik lortuko dugula. Euskal Herrian oro har, eta gurean bereziki, egiteari beldurrik ez diogu –izan– eta!