Oñatiko Kultura Saria, zergatik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Erostarbe 2018ko ots. 16a, 09:02

Hainbat sari banatu dira Gabonetan Oñatiko Udalean, urtero legez.

Batetik, Urteko Kirolari Onenen Saria.

Bestetik, Erakusleiho Onenen Saria.

Orain dela hamar bat urte jarri ziren abian sariok, EAJ-PNVren ekimenez, Udal Gobernuan zegoenean.

Xedea izan zen kirolarien eta merkatarien lan ona, ahalegina eta ibilbidea aitortzea, balioan jartzea eta bistaratzea.

Aitorpen-sariak izan dira, beraz, hasiera-hasieratik.

Hala ere, Oñatin ez da kulturaren esparruan diharduen edo jardun duen inor saritzen.

Ez dago Kultura Saririk emateko modurik!

Eta, horren aurrean, EAJ-PNVren udal taldeak Kultura Saria sortzea proposatu zuen/du, bai 2017ko, bai 2018ko aurrekontuetan aurkeztutako ekimenetan.

EH Bilduren Udal Gobernuak, ordea, ezezko borobila eman zion/dio proposamenari.

Haien erantzuna, hauxe: "Ez dugu egoki ikusten; eragileei aitortza egin baino gehiago, eragileen arteko konpetentzia ez sanoa eragin dezake".

Hara hor, bada!

EH Bilduren erantzun hori aitzakia izan da EAJ-PNVren ekimena, besterik gabe, atzera botatzeko?

Hala, EAJ-PNVren udaltaldekideoi galdera hau etorri zaigu burura: herriko kirolari onenen artean eta erakusleihoak ondoen apaintzen dituzten merkatarien artean ez al da "konpetentzia ez sanoa" sortzen?

Oñatin badago talentua.

Baita, kulturari, saritzeko moduko ekarpena egin dion oñatiarrik ere.

Euskal Herritik kanpo eta Europan sariak irabazitakorik ere bai.

Esaterako, azken egunetan sona handia izan duen Handia filmaren zuzendarietatik bat, Aitor Arregi.

Ez dago, ostera, horrelako oñatiarrak saritzeko biderik.

Hutsune handia dago EAJ-PNVren iritzian, eta tristura sortzen digu hainbat herritan ezarrita dauden sariak ematerik ez izatea.

Horregatik, zera eskatzen diogu, beste behin ere, EH Bilduren Udal Gobernuari: kulturaren esparruko sortzaileak aintzat hartzea eta Kultura Saria sortzea, lan ona eta ibilbidea aitortzeko eta eskertzeko, balioan jartzeko eta bistaratzeko.

Ea gai garen 2019. urtean Kultura Saria banatzeko!

----------

Amaia Erostarbe

Oñatiko EAJ-PNVren udal taldea

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak