"Ingurumena, zero zabor eta praktika onak: aupa, San Martin!"

Erabiltzailearen aurpegia Ane Egino 2013ko ots. 17a, 01:00

Gipuzkoa Zero Zabor Gipuzkoan hondakinen arazoari aurre egiteko lanean dauden taldeen sinergia...

... lortzeko sortutako eragilea da. Gipuzkoan hondakinen arazoa zertan datzan aditzera eman eta konponbidea gauza dadin eragitea da gure helburua. 

Konponbidea bilatzearen bidean, Bergarako Zero Zaborretik gure herriko eremu guztietan egiten diren "praktika onak" ezagutarazi nahi ditugu. 

Garrantzitsua da besteen lana ezagutzea, elkarrengandik ikas dezakeguna oso aberatsa izan daitekeelako.

Oraingo honetan gure herriko ikastetxe baten lana goraipatu nahi dugu. 

San Martin Agirre "Eskola jasangarri" izendatu dute. 

Eskola horrek urteak daramatza jasangarritasunaren bidea jorratzen, bere inguruko baliabideen arteko oreka mantendu nahian: paper birziklatua erabiltzen da, paperaren erabileraren murrizketa sustatzen da, uraren erabilpen egokia bultzatzen da, ahal den neurrian erosketak herriko dendetan egiten dira, material desberdina jasotzen da (eskolako sarreran kaxa desberdinetan sailkaturik): pilak, CDak, mugikorrak, fotokopiagailuaren tonerra, komuneko paperaren tutuak jasotzen dira eskulanetarako… 

Baina ohikoak diren ekintzez gain, eskola honek berezitasun bat dauka: hain zuzen ere, IPA (Ikasleen Partaidetzarako Antolaketa). 

Ikasleriaren partaidetza bultzatu nahi duen proiektua da; horretarako, bost batzorde antolatu ditu, ikasleak eskolako bizitzaren eragile aktiboak bihurtuz. 

Batzordeak hauexek dira: 

Jangela Batzordea. Hemen jangelarekin lotura dituzten gaiak tratatzen dira; jangelako arauak, bertan sortutako kezkak, zalantzak... Aurten paperezko ezpainzapiak baztertu eta oihalezkoak erabiltzen hasi dira, hausnarketa prozesu baten ondorioz… Eta epe laburrean jasangarritasunaren barruan beste gai hauek landuko dira: garaiko eta bertako produktuen erabileraren garrantzia, garraioak ingurumenean duen eragina produktuak urrutitik ekartzen direnean, ustiaketa masiboa, pestiziden erabilera… 

Ordezkarien Batzordea. Honetan eskolako gai desberdinak lantzen dira: ingurumena garbi mantendu, elkarbizitzarako oztopoak gainditzeko bideak jorratu, jai jasangarriak bultzatu... Aurten ere tapoi bilketa bideratu da gaixotasun desberdinak dituzten haurrentzat (Berrerabilera). 

Patioko Jolasen Antolaketa Batzordea. Batzorde honek astean birritan ikasleek antolatutako jolasak burutzen ditu patioan. Jolas hauetako batzuek berrerabilitako materiala erabiltzen dute (bolotara jolasteko boloak egin dira erabilitako esne botilekin/ berrerabilera). 

Agenda 21 Batzordea. Batzorde honek tokian tokiko Agenda 21etik luzatzen diren proposamenak gauzatzen ditu eskolan. Momentu honetan herriko diagnostikoa egin ahal izateko eskolako familien kontsumoak neurtzen ari dira, egiten den hondakinen kudeaketarekin alderatuz. (Jasangarritasuna). 

Gure Aztarnak Batzordea. Taldeak jasangarritasuna bete-betean jorratzen du. Birziklapena bultzatzen du, kontsumoarekin eta ohiturekin lotura duten aurreko pausoak landuz (gutxiago kontsumitu, eta ahal dena berrerabili, hondakin gutxiago sortzeko). Gainera, Batzorde honetatik antolatzen da eskolako hondakinen jasotzea. Astean behin Lehen Hezkuntzako ikasleek, adinak nahastuz eta bikoteak eginez, geletan aurretik berezituta (bakoitza bere kaxan sailkatuta) dauden hondakinak jasotzen dituzte. Sailkatzen dira batetik papera eta kartoia, bestetik ontzi arinak, baita idazteko tresneria eta, azkenik, saski-naski (organikoa+ errefusa). Jasotzea bukatu ondoren hondakin gehienak eskola kanpoan dauden kontenedoreetara eramaten dira. Idazteko tresneria Terrcycle enpresara bidaltzen da, horrela dirua lortuz premia bereziak dituzten haurren elkarteetara bidaltzeko.

Antolaketa honek, partaidetza bultzatzeaz gain, baditu beste helburu garrantzitsu batzuk; esaterako, euskararen ahozko erabilera erreala eta esanguratsua, elkarbizitza, jasangarritasuna eta tutoretza.

Gainera, aurreko astean antolatu dituzten "Ate irekiak" antolatzeko materiala berrerabiltzearen aldeko apustua egin dute. 

Etxetik ekarritako materialak birziklatze aldera, eskolan tailerrak antolatuko dituzte: botatzeko dauden latexeko eskularruekin pilotak egingo dira, jogurt poteekin maraka tailerra antolatuko da, esne eta ur botilekin boloak egingo dira, etxeetan soberan dagoen artilearekin olagarroak egingo dira, etab.

Benetan txalogarria Bergarako San Martin Agirre eskolak egiten diharduen lana. 

Eredugarria izateaz gain, edozein ekintzaren aurrean jarrera jasangarria izan dezakegula erakusten digu.

--------------------

Ane Egino Laborda

(Bergara Zero Zabor taldearen izenean)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak