Hizkuntza oro bere lurrari atxikita sortzen eta garatzen da. Lur horrek ematen dizkio izana, izena eta sena hizkuntzari. Hizkuntza baten osasuna bere ekosistema sozialaren eta naturalaren egoerak baldintzatzen du guztiz. Ekosistema aldatzen den neurrian aldatzen dira bertako hizkuntzak. Baita hil ere.
Deba ibaiak eman dio nortasuna gure eskualdeari, behinolako burdinoletatik egungo fabriketaraino. Deba ibaiaren bidetik moldekatu eta ezaugarritu da gure euskara ere, Leintz Gatzagatik Kantauri itsasoraino, bihurgunez bihurgune. Euskara maite badugu zorretan gaude gaurdaino gorde duen arroarekin, zorretan Deba ibaiarekin. Ibaia hilko balitz, akabo eskualdea, akabo hizkuntza. Bizirik behar dugu ibaia, bizirik bere emarira batzen den erreka txikiena ere, Debagoiena eta bere jatorrizko hizkuntza, gure euskara, biziko badira.
Urriaren 15ean, Deba ibaiaren eta erreken garbiketa egingo da auzolanean eta AEDko Zuzendaritza batzordeak ekimenean parte hartzera gonbidatzen eta animatzen zaituzte Arrasateko euskaltzaleok.
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.
TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.