Euskal hiztunen aktibazioa helburu, "EUSKARALDIA 11 egun euskaraz" ekimena abiaraziko dugu, besteak beste. Bide hori elkarrekin egin GEIKE; haurrekin, gazteekin, helduekin, euskaratik gertu eta horren gertu ez daudenekin… Eta, horretarako lehenengo pausuak ematera goaz aste honetan bertan.
Gaur hasi eta ostiralera bitartean, mural kolektibo bat margotuko dugu. 14:30etatik 18:00etarako tartean arratsaldero eragile desberdinetako kideak elkartuko gara pintzelak hartu eta elkarrekin horma irudi eder bat osatzeko. Ekimen hau herritar orori dago zabalik. Animatuko zara? Hitzordua Udaltzaingoa, Txatxilipurdi Elkartea eta Ereindajan pareko parkean egingo dugu eta euria eginez gero Txatxilipurdiren egoitzaren alboan dagoen garaje handian. Zatoz!
Ostiralean, ikastetxeek ekintza bereziak egingo dituzte, tartean euskararen egunerako kaxez osatutako horma irudiak. Euskaltegietan ere izango dute zer ospatu; AEKn, esate baterako, "Euskara gehiago egiteko zer egin geike" esaldiak-konpromisoak landuko dira klaseetan eta gero txapak egingo dituzte, horiek aldarrikatzeko. Bestalde, ludoteketan altxorraren bila ibiliko dira herriko kaleetan zehar eta txokolate beroa hartuaz amaituko dute eguna.
AEDk, berriz, Zahar-Berri mintzapraktika programaren 20. urteurrena ospatuko du, 18:30ean Kulturaten egingo den ekitaldi umoretsu batekin. Zu ere gonbidatuta zaude!! Larunbatean nerabeen egun berezia izango da. Gaztetxokoek antolatutako URBAN FESTA! Eta bukatzeko, igandean, ekitaldi nagusia eta GEIKEren aurkezpena. Baina, zer da GEIKE? Ba, zatoz eta bertatik bertara ikusi!! Elkarrekin egin GEIKElako Arrasate euskaldunago!
Kartelean duzue egitaraua xehe-xehe.
Elkarrekin egin GEIKElako Arrasate euskaldunago!