Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira zirkuitu ibiltariak hamalau urte bete ditu aurten, bideak urratzen bi helbururi eutsiz: euskarazko sortzaileen kalitatezko lana ezagutaraztea, ekoizteko jarraitu dezaten aukera emanez eta ikusleei geurean sortutako zinearen mokadu hauez gozaraztea.
Arrasatera ere urterik urte iritsi da AEDren bitartez eta aurten ere ez du hutsik egingo, datorren asteazkenean, hilak 22, izango baita emanaldia, 19:00etan hasita, Kulturateko Areto Nagusian eta sarrera doan delarik.
Beste 31 herritara ere bai
Arrasaten ez ezik beste 31 herri edo hiritan ere eskainiko dute Laburbira, Euskal Herriko mugak gaindituz New York, London zein Parisera ere iritsiko delarik.
XIV. edizio honetan, zortzi lan aurkeztuko ditugu, denera:
o Azken Saskia (Oier Fuentes)
o Beti bezperako koplak (Ageda kopla taldea)
o Ihesa (Alejandro Díaz Castaño)
o Elemakarrak (Ibon Iza)
o Jalgi (Eki Pagoaga)
o 280º (UDA films)
o EUSPOT lehiaketako spot onenak
o Hileta (Kepa Sojo)
Horrez gainera, aurtengo Laburbira berrikuntza batekin dator: lehiaketa bat egingo da emanaldira hurbiltzen direnen artean. Ekimenaren web gunean www.kameratoia.eus irudi bat sartu da, "LABURBIRA 2017. Ikusleentzako lehiaketa" dioena eta, han klikatuta, bost minututan betetzeko moduko galdetegi sinple bat irteten da. Emanaldiari buruzko galderak dira, jendeak bere iritzia eman dezan. Galdetegi hori erantzuten duten guztien artean zozketatuko dugu Euskal Herriko nekazal turismo batean 2 gaueko egonaldia, gosari eta guzti.