10 saiok osatuko dute tailerra, apirilaren 13an hasi eta ekainaren 15 arte. Saioak 2 orduakoak izango dira, asteleheetan 18:30etik 20:30era. Irakaslea Olatz Pagalday eskoriatzarra izango da. Getxoko Antzerki eskolan lizentziatua da eta 12 urte daramatza euskal antzerki munduan. Bai haurrei eta bai helduei zuzenduriko lanetan aritu da kale zein aretoko antzerkietan, besteak beste Deabru baltzak, Eidabe eta Zurrunka antzerki taldeekin. 2011an estreinatu zenetik, AEDk ekoizturiko Erdaldun Berrien kluba antzezlaneko protagonista dugu Pagalday. Tailerraren prezioa 50€koa izango da, 45 AEDko bazkideentzat. Tailerrean izena emateko AEDra zuzendu beharko da tailerrean parte hartu nahi duen oro bulegotik bertatik pasata, telefonoz 943771228 zenbakira deituz, edo aed@aedelkartea.com helbidera mezu bat bidalita. Izena emateko azken eguna martxoaren 27a izango da. Azkenekoz 2010ean antolatu zuen AEDk antzerki ikastaro bat. 2010eko azaroan hasi zen eta 2011an jarraipena izan zuen. 2011ko maiatzean taldeak prestatutako "Leiduteko irrikaz" kale antzerkia ikusi ahal izan genuen Arrasateko kaleetan. Orduko tailerrean aritu zirenak oso gustuko izan zuten, talde harreman polita sortu zen eta oraingoan ere horrela izango delakoan jendea animatzen dugu parte hartzera.