Badator Korrika19 eta horren aurretik Arrasateko Korrika batzordeak prestaturiko egitaraua. Lehenengo ekintza AEDko bazkideen laguntzarekin antolatutako mendi irteera izango da, datorren domeka honetan, martxoak 1, goizeko 9etan Arbolapetatik irtenda. Garagartza inguruak ezagutzea izango da aurtengo edizioko mendi irteeraren xedea. AHTren eragina bertatik bertara ikusi, Bostate, Lezetxiki, Kobaundi…
Hurrengo ekintzak hauexek izango dira:
Martxoak 11: Laburbira Film laburren XII. zirkuituaren emanaldia. Arratsaldeko 7etan, Kulturateko areto nagusian. Zortzi film labur eskainiko dira denera, Kepa Errasti, Asier Altuna eta Aitor Arregi debagoiendarren bana tartean, ordu eta laurden inguruko saioan. Sarrera, doan.
Martxoak 13: Bertso-korrika, arratsaldeko 7:30ean, Jai Zale tabernan. Bertsotan, Ane Zuazubiskar, Maddi Sarasua, Xabi Igoa eta Martin Berrizbeitia. Gai emailea, berriz, Maddi Labayen. Sarrera, doan.
Martxoak 14: "Mondrahaldun" jaia. Olinpiadak, herriko kultur taldeen emanaldia, mural margoketa... Eguerdiko 12etatik aurrera, Biteri plazan.