Aurtengoz, ez gara heldu. Erdibidean geratu gara. 365 auto-argazkiko puzzlea osotu gura genuen Twiterren, Euskarak 365 egun dituela aldarrikatzeko, eta 150 piezakoa geratu zaigu bueltan-bueltan. Euskarak gure artean daukan bizi-indarraren erakusle ote? Ez genuke ezetzik esango. Desirak alde batera, arrasatearroi asko falta zaigulako, borondate eta konpromiso zintzotik, egunez egun euskaraz bizi ahal izateko. Hor dugu, bai, gure benetako erronka. Ez twiterren.
Arrasateko Euskalgintzakoontzat ikasbide aberasgarria izan da esperimentua. Errealitatearen metafora, hein batean. Garbi daukagu (lehendik ere bageneukanez) gogor jarraitu behar dugula euskaraz bizitzeko nahia eta jarrera zabaltzen gure herritarren artean. Baina are garbiago erakusten digu urtetako ahalegina ez dela alferrikakoa izaten ari. Nahikoa zaigu, hori ikusteko, ekimenean parte hartu dutenen bisaiei erreparatzea. Islatzen duten bizipoza. Zabaltasuna. Prestutasuna. Horiek dira guretzat akuilu. BEjondeiela eta 365 mila esker denei. Aurtengoz, ez gara heldu, ez. Baina horretara goaz, hurrengo urtean ez bada hurrengoan, edo hurrengoan, edo... selfiez selfie baino hobe, kalez kale, eta urtean 365 egunez.