... gero datoz urterik hoberenak. Gaztetasuneko abenturaren ondotik ezkondu egin nintzen eta bi seme-alaba izan genituen. Harro nago; ez diot besteak baino ederragoak edo azkarragoak direnik; bueno, bai niretzat.
Horrelakoak gogoratzean konturatzen naiz urteak betetzeak ez digula amets egitea oztopatzen. Heldutasunak gauzak beste era batera ikustera garamatza. Urteekin, bizitzaren zukuaz gozatzen ikasten da: ez dakienari irakasteko gai izaten gara, behar duenari laguntzeko, ingurukoekin atseginak izateko, perretxikotara joateko… Gauza txikiez goxatzeko; eta bai, telebistan saltzen dizkiguten urrezko urteekin amesten hasten gara.
Gorputz lirain eta distiratsuek saltzen digute azkenean baietz, lortu dugula merezitako erretiroa; joan gaitezkeela Benidorm, Tenerife edo Mallorcara Insersorekin, edo alde batetik besterako irribarrearekin esnaraziko dizuten ohe-burko panoramikoak "oparituko" dizkiguten hitzaldietara…
Horregatik eta beste askogatik ere, aleluia! Aitortzen dut nagusitako bizimoduak badituela gauza ederrak eta bada aprobetxatzen dituenik ere, zin dagit. Gaztetan, ordea, ez dira ikusten.
Horregatik da garrantzitsua ailegatzea. Ez ahaztu.