... kontua eskatu eta etxetik alde egitea erabaki nuen. Adin bereko lankide ohi batekin, ezer esan barik, Madril aldera alde egin genuen, arratsalde batez. Famatuak izan nahi genuen. Adingabekoak izan arren, ez zen salaketarik egon. Sasoi hartan ez zegoen horrenbesteko txorakeria mediatikorik. "Etxetik kapritxoz joaten dena ezinbestean bueltatzen da", esan zuen gure aitak.
Hogei egunera itzuli ginen, burua makur, finikitu barik eta goseak janda. Ez zen egon seme iriolearen alegiarik.
"Hurrengorako eskarmentu ederra jaso duzula espero dut", zioen aitak, "baina atzera joan nahi baduzu, hortxe atea". Ez zen besterik egon.
Handik bi egunera enpresan ginen atzera, lan eske. Etxean ez zen inoiz gertatutakoaz berba egin. Baina zerbaitez kexatu orduko, "joan zaitez Madril aldera, ia hoberik topatzen duzun", esaten zidaten.
Nagusitan, urte haiek non diren galdetuta, "urteekin ametsak ere badoaz", esaten zidan herenegun kinto batek.
Gaurko egunez, oraindik ere, tristura dut bihotzean urte haiek gogora ekartzen ditudanean, eta, tarteka, negar malko batek masailean behera ihes egiten didala igartzen dut.