Udalak Eki-Coach enpresa kontratatu ondoren kiroldegiko jardueren koordinazio lanak betetzeko, Aralarko eta EAJko zinegotziak Bilduren irudia zikindu nahian dabiltza. Eki-Coach kontratu txiki bitartez kontratatu da, 18.000 euro gehi BEZa otsailetik abendura.
Eusko Jaurlaritzak, diputazioek eta kolore guztietako udalek kontratu txikien bitartez kontrata ditzakete zerbitzu publikoak. Arruntak dira; hots, milaka kontratatu txiki egiten dira. Hemen Aretxabaletako adibide gutxi batzuk:
Urkuluko Plana: 2005, 2006 eta 2007 (EAJ): Naturgintza Fundazioa, 7 kontratazio, 71.730,62 euro; 2008, 2009, 2010 eta 2011 (Aralar): Naturgintza Fundazioa, 16 kontratazio, 178.654,61 euro.
2008 eta 2009 (Aralar): Elhuyar, 17.970 euro euskara planerako eta 19.720,020 euro kultura planerako; 2004tik (EAJ) 2011ra (Aralar), Arteman, 107 kontratazio txiki.
Pandoraren kutxa zabalik dago eta zerrenda luzea da, Aralarko eta EAJko zinegotziek erakusten duten amnesia bezain luzea.
Legearen baitan kontratu txikiak herriko enpresetan lana banatzeko erabili beharko lirateke, esaten den moduan "pastela banatu", baina begi-bistakoa da eztabaida horri bizkarra ematen diotela hauek. Herritarron ezjakintasunaz baliatuz, arreta desbideratu eta eztabaida antzua sortu nahian ari dira buru-belarri. Zergatik ote?
Udalaren egoera ekonomiko latzak Ibarra kiroldegia du izena eta 14.613.929,72 euro dauka abizen (2.431.553.310,39 pezeta). Hauek dira Aralarko eta EAJko zinegotziek nahita aipatzen ez dituzten izen-abizenak (zifrak). Legealdiaren amaieran eta hauteskunde atarian, udaletxeko atetik eskutxotik helduta irten nahi dute arrozaren ordez hautsa barreiatuz eta beraien hanka-sartze politikoak Bilduri egotziz.
Kiroldegiaren auzian, eta legearen baitan, Bilduk interes pribatu eta partikularren aurrean interes publikoa lehenetsi du beti. UTEak erreskatea eskatu eta Udalak kiroldegiaren kudeaketa bere gain hartzeak azkura sorrarazten dizue. Kiroldegia ez itxi izanak, abonuaren %21eko jaitsierak eta Eki-Coach enpresaren arduradunaren lan txukunak azkura sorrarazten dizue. Udala ia erreskatatua izatetik zorra %41era jaitsi eta aurrekontuak %3,15 igo izanak hazkura sorrarazten dizue. Finean, lau urtetan ezkerrerantz biratuz eta zuok utzitako herentziari buelta eman izanak ziztada ederra eman dizue! Eta horrek pika.
Amaitu aurretik, argitu nahian gaude eta zuei zuzentzen gatzaizkizue, Inaxio Garro, Jose Angel Antxia eta Olaia Sagredo: galdetu diezue aliantza honetan zuen bidelaguna den EAJri non eraikiko duten erraustegia? Gai honek asko arduratzen gaitu.
----------
Ana Bolinaga
(Aretxabaletako Bilduko zinegotzien izenean)
Aretxabaleta