"Hogei urte"

Erabiltzailearen aurpegia

Hogei urte. Horixe da Kepa Urrak kartzelan daraman denbora. Egunotan beteko dira.

Eta gauzak aldatzen ari diren sasoi honetan, aro berriak datozela dirudien honetan, batzuek historia euren erara berridatzi, eta euren egia egia absolutu eta bakartzat ezarri nahi digutenean, pentsatu dut aukera ona izan daitekeela beste egia batzuk ere erakusteko. Beste sufrimendu batzuk ere egon, egon direla eta oraindik ere badaudela aldarrikatzeko. Ezkutatu nahi dizkiguten beste eskubide urraketa batzuk ere izan direla esateko.

Kepa hartuko dut urraketa horietako batzuen adibide. Izan ere, 20 urte hauek, Langraitzen pasatako lauzpabost hilabete izan ezik, etxetik urruti pasatu ditu, sakabanaketa politikaren ondorioz. Puerto, Curtis, Alcala, Valdemoro, Almeria… Espainiar geografia ezagutzeko aukera ederra izan du. Bueno, berak baino gehiago senide eta lagunok. Askotan pentsatu izan dut Fraga izendatu ote zuten berriz ere turismo ministro!

Sakabanaketa. Presoak suntsitzeko asmoz asmatutako politika mendekaria. Eta helburu horren atzetik, ez dute zalantzarik izan senideen sufrimendua erabiltzeko. Sufrimendu horren bitartez presoak zigortzeko. Senideak ere zigortuz.

Urte hauetan guztietan, zenbat ordu eta egun, zenbat kilometro, zenbat diru galduak. Zenbat arrisku, mehatxu, umilazio jasan behar. Baina batera, zenbat lagun berri, zenbat elkartasun keinu, zenbat maitasun eta duintasun froga.

Berriz ere gaizki atera zaie jokoa. Garbi utzi dute, berriro be, ez dutela herri hau ezagutzen. Euren helburua ez lortzeaz gain, senide eta lagunen arteko loturak sendotzea lortu dute. Bestela elkar ezagutuko ez genuenon arteko harreman sendo eta beroak sortzea ahalbidetu dute. Maila pertsonalean, ezin ahaztu zendu berri den Blanka Antepara ezagutzeko parada izan nuela. Goian aipatu ditudan balore guztien adibide emakume egina. Beste asko bezala. Gora zu, Blanka, eta muxu bat!

Baina ez da dispertsioa izan Kepak pairatu duen sufrimendu bakarra. Ala ahaztu egin zaizue atxilotu zutenean ankerki torturatua izan zela? Hain ankerki, non atxilotu eta ordu gutxitara ospitalera eraman behar izan baitzuten. Hain begi bistakoak izan ziren torturak, non ohitura guztien kontra ikerketa ere abiatu baitzen. Hain nabariak, ezen lau guardia zibil epaitu eta zigortu baitzituzten.

Baina krudeltasuna ez da ziega ilun zikinetan bakarrik bizi. Moketadun bulegoetan ere tokia aurkitzen du, eta gobernuak laster asko indultatu zituen torturatzaileak. Baita kasuren baten maila-igoeraz saritu ere. Hau ez ote da biktimak umiliatzea? Ala Kepa ez da biktima bat? Izan ere, nola da hau? Batzuek, ETAren helburu izan direlako, aurretik egin dutena egin dutela ere ohore eta pribilegio guztiak merezi dituzte; eta beste batzuek, aldiz, kirtenkeria handienak jasanda ere ez dute ezta biktima izena merezi? Zer da hau? Espainiako erregeak bere Gabonetako berbaldian esandakoaren ("denok gara berdinak justiziarentzat"), aplikazio praktikoa?

Eta orain, Kepaz gogoratzea ere debekatu nahi digute. Bere argazkia erakustea ere galarazi. Baina berriz ere alferrik dabiltza. Ez dugu argazkirik behar maite ditugunak oroitzeko. Ez digute sinestaraziko elkartasuna eta maitasuna delitu izan daitezkeenik. Ez eta eskubideekiko errespetuaren exijentzia.

Eta exijentzia horiekin jarraituko dugu.

Besarkada bat, Kepa. Laster arte!

------------------------------

Anjel Bergaretxe
(Kepa Urraren laguna)
Aretxabaleta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.