Orain dela aste batzuk Gatza atera zen, eta, lerro hauek argitaratzen direnerako, Jon Agirre ere kalean izango da.
Epaile espainiar ezjakintsu bati (erredundantziarik ba ote?) askorik ez gustatu arren, Mandelarekin konparatu dituzten bi preso hauen kasuan, argien eta krudelen erakutsi du Estatuak bere gorrotoa eta mendeku nahia. Izan ere, ahal izan duten guztia luzatu diete biei kartzelaldia, horretarako legeak bereziki moldatu behar edota justiziaren printzipio guztiak hankaz gora jarri behar izan badituzte ere.
Jonen kasuan, gainera, krudeltasunean maila bat gorago egin dute; zigorra aspaldi betea izateaz gain, gaixorik dagoelako. Baina ez dezagun pentsa Jon eta Gatza kasu isolatuak direnik; asko dira egoera honetan daudenak.
Itxaropen aroa bizi omen dugu Euskal Herrian. Aldaketak datozela igartzen omen da. Une honetan Estatuari pausoak eman ditzala eskatu behar diogu berriz ere. Zigorra betea duten edota gaixo dauden preso guztiak berehala aska ditzala, preso guztien askatasunaren bidean lehen urrats bezala. Ezin izango diogulako aro berri bati ekin presoen egoera konpondu barik, eta hasi dugun bidean laguntzeko beharrezko ditugulako. Kartzelak hustu egin behar ditugu-eta, Zabaletak kontrakoa esan arren.
Ongi etorri, Jon! Eta zorionak, berriz ere, etxean izateagatik. Ordua zen!