Asko izan dira azken egunotan GOIENAren ibilbidetik goraipatu diren aspektuak. Nik arrazoi bat nabarmenduko nuke zorionak emateko.
Sarritan hitz egin dugu bailaran batuago ibiltzeko premiaren gainean, eskualdearen nortasuna sendotzeak ekarriko lituzkeen onurei buruz, emango ligukeen indarrari buruz. Baina gutxitan joan gara hitzetatik haratago. GOIENAk, berriz, komunikazio esparruan beste arlo batzuetan lortu ez dugun BATASUNA gauzatzea erdietsi duela uste dut.
Hasieran zalantza asko egon ziren, batez ere herri txikienetan. Beldur ziren (ginen), horrelako proiektu batean, baztertuta geratuko ote ziren herri handienen mesedetan. Bakoitzak bere herrian sortu eta garatutako komunikazio proiektuen "desagerpena" onartzea ez zen erraza izan.
Pasatako urteek ematen duten perspektibatik, beldur haiek funtsik gabeak zirela esango nuke. GOIENA alde bientzat onuragarria izan dela uste dut. Batetik, ez nago ziur duela 10 urte zeuden aldizkari guztiek jarraituko luketenik gaur egun. Ez dut uste epe luzera bideragarriak zirenik. Bestetik, GOIENA ez zen hutsetik hasi. Herrietako proiektu horietatik jaso zuen kapitala (giza baliabidea), ezinbesteko izan da heldu den tokira iristeko.
Zorionak, beraz, eta urte askotarako!