"Oñatiko Inauteriak 2013"

Erabiltzailearen aurpegia Arkaitz Bengoa 2013ko mar. 4a, 01:00

Idatzi honen bitartez eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiogu...

... aurtengo Oñatiko Inauteriak posible egin dituen jende guztiari. 

Eskerrik asko, proiektu berri hau sortzen eta eratzen lagundu diguzuen guztioi: Iñaxio Ibarrondori, Gerardo Elorzari, Lezuri Ormazabali, Mirari Sagarzaruri, Itziar Arkauzi, Oier Araolazari, Iñaki Olalderi, Pake Lekuko kideei eta Makalenako antzerki taldeari. Baita Udalari ere, bultzada handia eman baitio Inauteri propio honi. Eta nola ez, Oñatz dantza taldeari eta herriko musikariei.

Azkenengo egunetan bezala, 2013ko otsailaren 9an ere eguraldia izan genuen protagonista. Ikusmin handia geneukan zer tokatuko zitzaigun ikusteko, baina 11:30erako gertu geunden 200 herritar Oñatiko kaleak kolorez, musikaz, dantzaz eta alaitasunez betetzeko, hori baitzen gure helburua, egun zoragarri bat elkarrekin pasatzea, eguraldiari aurre eginez. Baita lortu ere!

Goizeko ekitaldian, norbaitek indar barik geldituko zela pentsatu bazuen, oker zebilen, eguerdirako Gaztetxean sorpresa galanta baikeneukan. Trago bat hartzeko geldialdia egin eta hara! Mahai luze bat janariz beteta! Eskerrik asko, detailearengatik!

Bazkalorduan ere giro ezin hobea izan genuen, eta kafea hartzeko momentua izan zen guretzat sorpresa momentua. Partaide batzuek bultzatu bazuten ere, partaide guztien artean bertso batzuk kantatu zizkiguten geure lana eskertzeko eta goraipatzeko. Oso polita benetan! Bat baino gehiago emozionatu zen… Bestetik, aipatu beharra dugu, lan handia egin dugun arren, zuetariko bakoitzarengatik izan ez balitz, ez litzatekeela larunbatekoa hain egun ederra izango!

Arratsaldean, azkenik, eguraldiarekin borrokan aritu ginen arren, egunari bukaera ederra eman genion!

Honegatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu modu batera edo bestera parte hartu duzuen guztioi, eta espero dugu hurrengo urtean ere Oñatiko Inauterietako saltsan berriz ikusiko zaituztegula.

Datorren urtera begira, berrikuntza gehiago sartuko ditugu, hala nola pertsonaia gehiago, gremioak… beraz, modu batera edo bestera, irteteko gogoz gelditu zaretenok animatu eta, posible bada, eskutik helduta beste lagun bat ere ekarri!

Azkenik, jakin Inauteri honen sorkuntza bizirik dagoela eta herriko pertsona eta agenteen proposamenak jasotzeko ateak irekiak dituela. Horrela, bada, edozein ekarpen egin nahi duenak, mezu (inauteriakonati@hotmail.com) edo Facebook (Oñatiko Inauteriak) bitartez egin.

--------------------

Arkaitz Bengoa, Maite Irizar eta Lierni Olmedo

(Oñatiko Inauterien lantaldea)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak