Guraso bezala, errespetuan hezteko ahaleginak egiten dituzu, eredugarria izateko konpromisoarekin. Baina, zorionez edota zoritxarrez, familia ez da hezten duen bakarra: lagunak, ezagunak, kalean topatzen dituzun ezezagunak… Haiekin harremanik ez izan arren, haien jarrerek ere min eman diezagukete, eta eredu txarra izan daitezke.
Aurreko egunean, kalean nindoan, nire bi seme-alabekin, eta 11-12 urte zituzten haur batzuk ikusi genituen, bat lurrean zela, berari erdi-ostikoka besteak. "Zertan ari zarete?", galdetu nien nik; harrituta eta beldurtuta, biak batera: "Ez… jolasten ari gara". Altxatu eta joan egin ziren, barrez. "Jolasten? Ze jolas mota dira horiek?", pentsatu nuen nire artean. Eta nire seme-alabekin aurrera jarraitu nuen, horrelako jolasak jolasetik gutxi dutela azaltzen eta errespetuaren garrantziaz hitz egiten nien bitartean. Horretan nenbilela, 60 urte inguru zuten gizon kuadrilla batekin gurutzatu ginen. Biraoka zenbiltzan, oihuka elkarri, sekulako iskanbila, zalaparta eta eztabaidan. "Horiek ere jolasten ari dira, amatxo?", galdetu zidan nire txikietako batek. Eta nik ez nuen jakin izan zer erantzun.
Biolentzia alderdi fisikoarekin lotu ohi dugu, baina biolentzia hortik harago doa, nire ustez. Askotan, gauzak samurregi esaten ditudala komentatu izan didate, eta beharrezkoa ez dela argudiatu. Badakizue zer? Niretzat bai da beharrezkoa. Gizarte biolentoaren kontrapisua egiteko aldarria egin nahi dut: samurtasunaren aldeko aldarria, alegia. Txikiengatik, noski; baina baita guregatik ere. Berdin zait jolasa den edo eztabaida beroa: kalean ere samurtasunez bizitzeko nahia eta beharra sentitzen ditut, guztion erantzukizuna delako.