Tira, ez da guztiz egia: zu sarri ibili zara nirekin, itzal baten gisan, nire pausoei itsatsita. Nik arnasa hartu orduko, zuk estutasuna; nik zerbait sentitu orduko, zuk susmoa. Ez zara sekula laguntzera etorri. Epailearena egin duzu beti: nire tristurari, nire haserreari, nire nekeei, kutsu iluna jarri diezu, eta dena nire aurka bihurtu duzu.
Urte luzez sinetsi dut zure ahotsa nirea zela. “Agian, nire errua da”, “barkatu”, “gehiegi naiz”... baita “gutxiegi naiz” ere. Zenbat aldiz eskatu dudan barkamena, benetan zertaz ari nintzen ere jakin gabe. Zenbat aldiz txikitu dudan neure burua, giroa ez hausteko, denak eroso sentitzeko. Eta ez, askotan ez zen nire errua: mindu egin nindutelako zen, nekatuta nengoelako edo, besterik gabe, ezin nuelako gehiagorekin.
Azkenaldian, ordea, urrunago sentitu zaitut. Eta badakizu zer? Askeago bizi naiz. Leihoak zabaldu eta aire freskoa sartzen denean bezala. Bizkarretik harriz betetako motxila kentzen denean bezala. Ur azpitik azalera iritsi eta lehen arnasa sakon hartzen denean bezala. Halaxe: arinago, zabalago, niago.
Horregatik idazten dizut gaur, harreman bat apurtuko banu bezala esateko: ez naiz ni, zu zara. Zu zara nire emozioak lausotu dituzuna, nire zauriei erruaren izena jarri diena, nire samina nire aurka erabili duzuna. Eta, beraz, hemendik aurrera, ez zaitut nire bizitzan nahi, baldintza bakar batekin ez bada: benetan ekarpenen bat egitera bazatoz. Norbaitek min hartu badu niregatik, zerbait konpondu behar badut, zerbait ikasi behar badut… orduan etor zaitez. Orduan bai: izan zaitez iparrorratz, ez kate. Bultzada, ez zigor.
Eskerrak eman nahi nizkizun, inertziaz, askotan barkamena eskatzen dudan bezala; baina hori ere bukatu da. Ez dizut gorrotorik opa; distantzia bakarrik.
Agur, erru. Itzultzen bazara, etorri argitzeko; bestela, bidea badakizu.