Ekaitzaren osteko barealdia

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2026ko apirilaren 21a

Zeruan hodeiak daude, eta batzuetan barruan ere bai; egunerokoak pilatutako kezkek lainotzen baitigute ikusmira.

Itsasoan txalupak, noraezean diruditen arren, badakite olatuek ere badutela erritmoa. Zapatak guztiz bustiak, bai, baina agian ibilbide baten froga dira; eta gorputz osoa dardaka, bizirik gaudelako.

Neguko eguraldia dago, eta uda oraintxe hasi da; kontraste horretan ikasten dugu atsedenaren balioa. Trumoiak sumatzen dira itsasertze honetan, eta zaratak gogorarazten digu isiltasuna ere badela helburu.

Hemendik ikusten zaitut etortzen zaren moduan; beldurra ematen didazu ikusten zaitudanean, agian aldaketa zarelako. Baina beldur horrek, besteak beste, bultzatzen gaitu aurrera, ekaitzari begietara so egiteko adorea izateko.

Hondarraz beteta nago, nonbait txukundu beharra; bizitzak uzten dizkigun arrastoak dira. Goitik behera bustia, euriaren errua da, edo agian hasiera berri bat datorrela adierazten digun garbiketa moduko bat.

Haizeak erakusten digu bere indar guztia, eta guk, txikiak izanik ere, eutsi egiten diogu. Tximistak marrazkiak dira ekaitzen bakardadean, une bateko argitasunak, bidea erakusten dutenak.

Eta orduan, oharkabean, barealdia dator. Itsasoak arnasa hartzen du,  eta nire gorputzak ere bai. Oporrak bezala, atsedenak ez du ekaitza ezabatzen, baina ulertzen laguntzen digu, samurtzen, leuntzen… ekaitz orok baduelako bere amaiera eta amaiera bakoitzak berriro hasteko aukera. Eta tarte horretan, isiltasunak hitz egiten du eta barruko zarata baretzen lagundu dit, begirada garbitzen, urrunago begiratzen, zabalago eta adeitsuago. Orduan ohartu naiz, agian, ekaitza bera ere beharrezkoa zela, mugitzen ez zen hori astintzeko, geldirik zegoena bidean jartzeko. Eta hemendik ikusten zaitut etortzen zaren moduan…

(Sorotan Beleren 8 orduko ekaitza kantuan oinarrituta)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak