Eta modernoak jartzen duen horretan, toleranteak, solidarioak, enpatikoak… eta okurritzen zaizkizun ezaugarri humano desiragarri guztiak jar ditzakezu. Ariketa egitera animatzen zaitut; ziur nago esaldiak zure pentsamendu bat baino gehiago adierazteko aukera ematen dizula.
Konsentimentuaz arituko naiz oraingoan; horren faltaz, hain zuzen ere. Ez da ez? Spoiler-a: ez. Azkenaldian, ez, niretzat. Badirudi kontsentimentuari lotutako esaldi hori plano fisikoan edo sexualean bakarrik duela lekua, baina ez da horrela. Nire bizipena plano intimoan da, bai, baina ez sexualean; eta konturatu naiz zertaz doan bizi dugun pelikula –tira, konturatuta nengoen, baina defentsa-mekanismoak kapritxosoak dira, aizu–.
Osasun mentala daukagu ahoan. Eta pertsonen zaintza. Beti. Une oro. Dena ardazten duten giltzarri nagusi bezala. Spoiler-a: ez. Norbanakoak ez dira errespetatzen, ezta zaurgarritasunaren biluzte- eta apologia-ariketa eginda ere. Sasi-errespetuaren garaian bizi gara, non pertsonen askotariko izaeren eta identitateen aldarrikapena egiten dugun, eta gero, inpunitaterik gabe, errespetuaren banderarekin ipurdia garbitzen dugun, izaera eta identitate horien gainean kaka egin ostean.
Ezezkoa eman izan dut baimenik gabe intimitatea urratu izanagatik, eta ez da errespetatu. Naizen modukoa errespeta nazaten eskatu dut, eta ez da errespetatu. Ziur nago errespetatzen ez duten pertsona horiek ere ez da ez leloa beraiena egiten dutela. Baina ez, barkatu; nekatuta nago, denarekin, denagatik. Hipokrisia honek aireko oxigenoa lapurtzen duen bitartean, nire intimitatea zaintzea eta naizen modukoa errespetatua izateko eskubidea eskatzen jarraitzeko beste alternatibarik ez dut.