Esperimentazio bat

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2025ko ira. 15a, 00:00

ChatGPT zabaldu dut eta instrukzio edo prompt hau eman diot: "Arakatu Amaia Arroyo Sagastak Goiena.eus atarian egin dituen kolaborazio guztiak eta proposatu zeri buruz idatzi behar duen hurrengo kolaborazioaren testua". 

Erantzuna... harrigarria. Nire azken urteetako ekarpenak sailkatu ditu, zerrenda txukun batean jarrita. Ez nuen uste nire artikuluak horrela, bata bestearen ondoan irakurrita, nire ibilbide txiki baten ispilu izan zitezkeenik. Eta egia da: gaiak bata bestearen ondoan ikusteak patroi batzuk azaleratzen ditu, nire kezka eta kuriositateen joan-etorrien arrastoak.

Hurrengo kolaboraziorako proposamena egin dit: Ibiltari digitala - Ahozko memoriaren nahaspila teknologia garaian deitu dio. Eta hortxe piztu zait bulkada; izan ere, ohartzen ari naiz ahozko transmisioa galbidean dagoela. Gurasoek eta aitona-amonek esandako kontuak, herriko bizipenak, haurtzaroko pasadizoak... nola lortu jasota geratzea, ez galtzea, eta telefono baten barruan harrapatuta ez geratzea?

Horrexegatik iruditu zait interesgarria proposamen hori. Digitalizazioa askotan ikusten dugu arrotza, pantaila hotz baten aurrean, baina agian aukera bat ere bada gure memoriak eta gure kontakizunak bizirik mantentzeko. Zergatik ez bildu herriko istorioak? Edo familiako kontakizunak podcast txiki bihurtu? Zergatik ez animatu gazteak haien ingurukoen ahotsak gordetzera? Eta... zein da gure ardura komunitate bezala? Zer egiten dugu gure ondarea –kulturala ere bai– digitalizazioan bizirik irauteko? Teknologia lagun izan daiteke horretan? Nik uste dut baietz, baina ezinbestekoa da esperimentatzeko prest egotea, akatsak egiteko beldurrik gabe.

Horren emaitza ari zarete orain irakurtzen. Hein batean, makina batek proposatu dit testua, giza kezkek eta emozioek gidatuta. Eta horixe da interesgarriena: gizakiaren eta teknologiaren arteko dantza horretan, beti baitago tartea sormenarentzat eta hausnarketarentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak