Zoriona praktikatu

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2024ko urr. 5a, 00:00

Ez nahastu: hau ez da Mr. Wonderful aldarrikapen bat zoriontasuna lau haizeetara zabaltzeko.

Ez horixe. Emadazu aukera bat eta kontatuko dizut.

Bizitza ez da erraza, argi dago. Ikaskuntzak egunerokotasuna bustitzen du, eta, askotan, ostiaka. Baina konturatzen ari naiz badagoela trikimailu berezi bat: presentzia. Mindfulness-a, kontaktua... deitu nahi duzun bezala; baina presente egotearen magia deskubritzen ari naiz. Izan ere, gure pentsamenduez, ekintzez, erabakiez... kontzientzia gehiago hartzen dugu gorputzaren nolakotasunaz ohartzen garenean. Hementxe adibidetxo batzuk: haserretzen garenean, gure gorputza tentsioan jartzen da eta gure bihotz-taupadak areagotu egiten dira; lasai gaudenean, gure aurpegiko muskuluak arinago sentitzen ditugu. Eta abar, eta abar. 

Askotan, egunerokotasunak eraman egiten gaitu eta ez daukagu presentziaz ohartzeko denborarik. Eta lana ez da presara bultzatzen gaituen bakarra: geure buruari jartzen dizkiogun bestelako presioak ere badaude, aisialdiaz eta ikaskuntzaz mozorrotuta. Baina, e! Presentziak badauka magia berezi bat, zorionaren giltza delako. Poetikoegia, agian? Ez horixe! Presentziak arreta dakar, eta, zoriontasuna gauza txikietan dagoenez, arreta hori da zoriontasuna sentitzeko gakoa. 

Txapa hau guztia zertarako? Bada, zoriontasuna praktikatu egin dezakegula esateko, presentziaren bidez: laztan bat, ilargiaren distira, udazkeneko hego-haizea, begirada konplize bat... edo gure lanean, aisialdian edo ikaskuntzan dauzkagun askotariko altxor txikiak. Hortxe daude, gure arretaren zain, gure zoriontasunaren kontzientziaren gatibu. Noiz arte? Praktikatu, praktikatu... Denok apur bat eginez gero, ez da zoriontasuna gailenduko, baina zoriontsuak izateko une gehiago izango ditugu. Ziur. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak