4.0

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2023ko api. 29a, 00:00

Zenbat aurreiritzi, espektatiba, amets –on edo gaizto–, broma... zenbaki baten atzean: 40.

Edo 4.0 bertsioa; izen horrekin modernoagoa dirudi eta horrela deitu diot, bai. Señora super-moderna bat naizelako. Bizitzaren erdigunearen krisia ere deitua. Dirudienez –badakizue, komunikazio-dibulgazioak bustitzen dituen X unibertsitatetako ikerketek diote–, gure garuna da krisialdi hori nabaritzen lehena. Bi aldagai nagusi daude.

Batetik, gure garunaren garapenean beste etapa bat omen dago, kontzientzia eta epe luzerako begirada eta hausnarketarekin lotura duena. Horrela, kontzienteagoak gara gure egoeraz, bizipenez, horien inplikazioez gogoeta egin eta bizitza sakonago aztertzeko gaitasunak garatzen ditugu. Garunak berak eskaintzen digu aukera paregabea balantzea egin eta bizitzari beste modu batean begiratzeko.

Bestetik, bizitzan zehar zoriontasunaren bidea U letra bezala irudikatzen badugu, punturik baxuena –erdialdea– 4.0 bertsioaren instalazioarekin bat datorrela diote. Hori azaltzeko, denetarik irakurri dut: serotonina mailaren jaitsiera edo garunaren materia gris kantitatearen murrizketa, besteak beste. Horren arabera, behin hondoa ukituta, 4.0 bertsiotik aurreragoko guztiak zoriontsuagoak izango dira.

Azalpen eta estereotipoak gorabehera, neuk ez dut ondo eraman hamarkada aldaketa. Ez dut nire burua desberdin sumatu egun batetik bestera, ez naiz bat-batean zahartu; baina atzera eta aurrera begiratzen jartzeko moduko zenbakia da. Agian, arazoa ez da zenbakia bera: aurrera eta atzera begiratzeak momentu honetan zauden tokia birformulatzeko ematen dizun aukera baliatzea da kontua. Eta hori, lagunok, 4.0, 2.6, 5.1, 1.6 edo 7.3 bertsioan gerta daiteke. Beta bertsio iraunkor batean bizi gara, eguneratzen, ikasten, aldatzen, moldatzen… baina beti jakin beharko genuke zein bertsio dugun esku artean eta zein hautu egin nahi ditugun, ezta?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak