A ze betekada!

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2023ko urt. 6a, 00:00

Abendua, Gabonak, urte amaiera eta hasiera… a ze betekada!

Jan eta jan gabiltza, gehiago ezin irentsi, eta bata bestearen atzetik datoz: familiako bazkari eta afariak, laneko kutxipandak, lagunarteko elkarretaratzeak… Baita bestelako betekadak ere: urteko balantzeak, harro egoteko moduko lorpenak, hain ondo atera ez diren egoeretatik ateratako ikaskuntzak eta, nola ez, urte berrirako asmo on eta desioak.

Argi aitortu behar dizuet: ezin dut gehiago. Ezagutzen nautenek badakite pertsona baikorra naizela; baina, gauzak ondo ez doazenean, aipatutako guztiak beharrezkoa ez den zama gehitzen dio egoerari. Zergatik tematzen gara denari alde positiboa ateratzen? Zer dela-eta pertsona guztien urteko laburpenak hain dira zoragarriak eta ponpoxoak? Zein da arrazoia dena ezti goxoz apaintzen jarraitzeko? 

Badira sufritzen duten pertsonak, egoera benetan latzak pairatzen ari direnak edo, zergatik ez, itxuraz leuna den beren egunerokotasunaren mozorro latzean galduta daudenak. Bazkariek, afariek, kutxipandek, elkarretaratzeek… laguntzeko nahia duten arren, baliteke kontrako efektua lortzea sufritzen ari diren pertsona horiengan. Eta balantzeak, lorpenak, ikaskuntzak, asmo onak eta desioak –batez ere, sare sozialetako bonbardeoan– oso suntsitzaileak izan daitezke.

Horiengatik besteek ezin al dute itzalik gabeko balantzerik egin? Ez da hori, noski. Asmo onez egindako planak eta ekarpenak dira, zalantzarik gabe, eta eskubide osoa dago horretarako. Baina, tripako minez zaudenean, gehiegi jateak ez du onik egiten. Era berean, barrenak itzalpean daudenean, gehiegizko argiak min ematen du.

Abendua, Gabonak, urte amaiera eta hasiera… a ze betekada! Argitu eta argitu gabiltza, gehiago ezin ikusi, gehiago ezin aguantatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak