Orain, hotza edo freskoa ate-joka dugula, joan den denboralditik jantzi ez duzun jaka hori jantzi, eskua poltsikoan sartu eta… hara! 20 euroko billetea aurkitu duzu! Zelako poza, zelako zortea… Serendipia, ezta? Bai, horixe! Beste bat… Oporretara joan zara, urrutira. Leku exotikoa eta turismo gutxi duena aukeratu duzu, oso originala zarelako. Mendi zoragarri bat gomendatu dizu bertako batek, eta, igotzen hasita, erdibidean... hara! Euskaraz mintzatzen ari den bikote batekin topo egin duzu! Zelako kasualitatea, zelako konexioa… Serendipia, ezta? Baietz hirugarren bat! Fruta-dendara joan zara. Badakizu oraindik ez dela marrubien garaia, baina... dendan kaxa bat ikusi duzu eta sekulako antojoa sartu zaizu. Dendariak, ordea, marrubiak nahiko garratzak daudela esan dizu. Dena dela, erostea erabaki duzu, garratzak izanda ere jateko gogo izugarria sartu zaizulako. Etxera joan, jaten hasi eta… hara! Marrubiak zeharo goxo daude! Mmm… zelako ezustekoa, zelako plazera… Serendipia, ezta?
Bada, horiek ez dira ezer zu nire bizitzan agertu izanarekin alderatuta. Ez zintudan espero eta abisatu gabe sartu zinen, isil-isilik, disimuluan bezalaxe; zure begi eder horiekin, nigan barrea eragiteko botere horrekin... entzuteko, lasaitzeko eta entretenitzeko gaitasun zoragarriarekin... Zelako zortea nirea!
Gustavo Adolfo Becquerren poema gogora ekarriz...:
Zer da serendipia?, diozu nire ninian zurea finkatzen duzun bitartean. Zer da serendipia? Eta zuk galdetzen didazu? Serendipia... zeu zara.