Oihuka ari den iraganaren motxilaz ari naiz. Beheko aldean gordetako harri pisutsuenak desagertuak zirela pentsatzen nuen honetan... hara! Sorpresa! Ate joka baino gehiago dabiltza. Ozenago. Bihotzetik gertuago, tripa inguruan dantzan eta, batzuetan, eztarria ixteraino ere iritsi dira. Nostalgiaz begiratzera ere heldua nintzen batzuetan, sufrimendua arindu eta momentu onak bakarrik gogoratzeraino; baina, oraingoan, marra gorrira gehiegi hurbiltzen ari direla uste dut. Zergatik berriro hemen? Zertarako?
Txarrena zera da: harriak ez direla bakarrik mugitzen. Norberak mugitzen ditu motxila barruko beheko alde ahaztu horretatik; beraz, galderak birformulatu behar dira: zergatik nahi ditut berriro azalarazi? Zertarako? Ez al dut ezer ikasi? Ez al dut nahikoa sufritu? Batzuetan, espero ez dugun berri bat izaten dugu eta hori – gauza sinple hori– izan daiteke harri potoloenak mugitzeko arrazoia. Horrela gertatu zait niri eta orain, harri horien pisua motxilatik soinera igarota, berriro ere oreka bilatzea tokatzen zait. Pentsatu nahi dut ez dela inoren errua eta egoerak halakoak direla: gertatu egiten dira, dagozkien ondorioekin. Elikadura-portaeraren nahasmenduak horrelakoak dira: motxila pisutsuak; ahaztuak, agian. Baina, lozorroan egonda ere, bizitzako pasarte haiek gogorarazten dizkizuten harri potoloak. Ez da erraza hau guztia oihukatzea… baina hitzetan askatzea ekintzetan islatzea baino ausartagoa da.
Osasun mentala lehenengo lerrora ekarri dugun honetan, zain ditzagun hainbeste hedatzen ari diren gaixotasun hau sufritzen duten pertsonak. Norberarengandik hasita, noski.