Badoa... bazoaz...

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2021ko abe. 18a, 00:00

Amildegira iritsi zara. Atzera begiratzeko aukera duzu, baina zertarako? Asko dira atzean utzi nahi dituzunak. Eta beste askotxo atzean utzi nahi eta ezin dituzunak. Bakanen bat, agian, berriro ere bizi nahiko zenukeena, baina… atzera bueltatzeak dena zapuztu dezake. Beraz, hementxe zaude, amildegira iritsi berri. Arnasestuka iritsi zara, zurrunbilo kaotiko batetik korrika ihesi atera izan bazina bezala. Eta… orain… zer? Jauzi egin? Ba, bai.

Jauzi egiteko momentu horixe izan daiteke bizitza bera deskribatzeko gisakoa. Dena gelditzen da atzean, momentu batez; eta, era berean, dena etor daiteke. Ahazteko eta bizitzeko nahia, biak bat. Eta zer aukeratzen duzu? Itxaron… aukerarik ba al dago? Edozein aukeratuta ere, biak egingo dituzu: ahaztu eta bizi. Demagun bizi aukeratzen duzula.

Jauzi egin eta aire freskoak zure aurpegia orraztu du. Begiak ireki nahi dituzu, baina gozamenak ez dizu uzten. Irribarreak lekua hartu du eta zure masailetako elutxak marraztu ditu. Eta bazoaz amildegitik behera, uraren besarkadaren bila, amets berrien zaparrada gazian murgiltzera. Bat-batean, zure aurpegiak tanta batzuk nabari ditu: gertu zaude, iristear, gogoz eta ilusioz beteta… Denboraren joana dezeleratzen joango balitz bezala, zure aurpegia uretan murgiltzen sentitu duzu: freskura, arintasuna, hotzikara… bizirik zaude! Jauziak zure bizitzeko gogoa piztu du eta, uretan murgilduta arnasari eusten jarraitzen duzun bitartean, amets asko oraindik bete gabe dituzula konturatu zara. Itsas azalera irten eta… hara! Arnasa, eguzkia, zeru urdina… Begiak zabaldu dituzu eta bizitzeko duzun guztia aurrean duzula konturatu zara. Berriro ere gozamenak begiak itxi dizkizu eta irribarreak lehen baino leku handiagoa hartu du, zure elutxen mesedetan.

Amildegira iritsi eta badoa urtea… eta zeu ere urtearekin zoaz… Zure esku dago amildegirako jauzian bizipoza aukeratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak