Radar berezi bat duzula baieztatzea gehiegitxo da, agian… baina, askotan – gehienetan ez esatearren–, badakizu zer darabilkidan buruan, hitzik esan gabe. Magiaz mozorrotutako konexio enpatiko berezia? Arima bikien gisa, ET-k eta Elliotek bezala batera gozatzeko eta sufritzeko gaitasuna? Edonola definituta ere, ia bi hamarkada daramazkigu elkarri konektatuta eta radarrak lehenengo egunean baino hobeto funtzionatzen du, zalantzarik gabe.
Ilargia bezain misteriotsua zarela esan nezake, agian… Garden jokatu arren, zure-zurea den alde bat duzu eta hori ere biziki maite dut. Zu zeu zaren modukoa izaten laguntzen dizun aldea da. Niri kosta egiten zait alde hori niretzat mantentzea eta, agian… horregatik baloratzen dut hainbeste zuk altxorra gordetzen jakitea. Denok merezi dugu gurea soilik den lekutxo hori. Zeuk irakatsi didazu.
Kontraesanak maitagarriak omen dira zuretzat, eta, agian… arrazoi duzu. Beltzaren eta zuriaren arteko aukera kromatiko guztiak onargarriak direla ikasi dugu elkarrekin. Nik horia dut gustuko; zuk, berdea. Baina, batzuetan, beste kolore batzuk ditugu gustukoago. Eta zer? Elkarrekin kolorez aldatzea posible egiten dugu, atzokoa, gaurkoa eta biharkoa eraikitzen, biok batera.
Ikastea eta maitatzea gertukoak dira, agian… Zurekin, maitatzea zer den ikasi dut eta maitatzeak ikastea dakarrela konturatu naiz. Hazkunde pertsonala dakarten bi aditz banaezinak dira… eta hazten jarraitu nahi dut, maitatzen jarraitu nahi dut. Zurekin. Elkarrekin