Tximeleta efektua

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2021ko uzt. 31a, 00:00

Atsotitz txinatar baten arabera, tximeleta baten hegalen mugimendua munduaren beste muturrean sentitu daiteke. Kaosaren teoria azaltzeko ere erabili izan da pinpilinpauxarekin izendatutako efektua. Animaliak euskaraz izen asko dituen arren –pinpilinpauxa, mitxeleta, inguma, zintzitoil, txiruliru, txiribiri, farfail, tximirrika, txilipitaina, sorginoilo, matxita, mitxirrika, jainkoilo, apex–, berarekin identifikatzen dudana azaltzeko sinonimo gutxi dago: laguntasun berezi baten zirrara.

Txiki-txikitatik, badut lagun berezi bat. Ez dut egunero ikusten, urrun bizi delako. Nerabezaroan, urrun joan eta beste errealitate batzuekin esperimentatzeko aitzakia ederra zen. Denborarekin, ordea, nahi horretatik urrundu eta aparteko atxikimendu bat eraiki dugu. Magnetismo magikoa balitz bezala, urruntzen gaituzten kilometro guztien gainetik dagoen maitasunak batzen gaitu.

Udak bereziak dira guretzat, normalean, uda garaian elkartzen garelako. Joan den asteburuan elkartu egin ginen, bi urte gogor igaro ostean. Inflexio-puntu bihurtu diren bizipenak bizi izan ditugu denbora tarte horretan, nahi ala ez, aldatu egin gaituztenak. Bizi dugun pandemia ez dago bizipen garrantzitsu horien artean, baina ezin elkartzea eragin du, eta horrek are balio handiagoa eman dio asteburu iheskorrari. Badakizu zer den denbora igaro ez balitz bezalako konfiantza izatea, elkar ulertzea eta barre egitea? Bada, horixe gara gu: ahizpak diren bi tximeleta.

Bizipenek gu aldatzen gaituzten arren, gure artekoa ez da aldatu, errotu baizik. Aireportuan elkartu eta agurtu gineneko malko eta besarkadak ahaztezinak dira. Poztasuna eta pena, biak bat. Urrun egonda ere, gure hegalen mugimendua sentitzen jarraitu dezagun luzaroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak