Gauak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2021ko eka. 12a, 00:00

Gauak magikoak dira, askotariko arrazoiengatik.

Nerabezaroan, xarma hori atrakzio hutsa bihurtzen da, bekatu eta erakargarritasun koktelez mozorrotzen diren usainez inguratua. Helduarora iritsi eta nerabezaroko atrakzio horiek gauetako ohitura bihurtzen ditugu, gure kulturan –orain arte, behintzat–, eta asteburuetan gauez etxean gelditzea arraro bihurtzen da. Azken finean, lagunarteko elkarrizketei zentzua ematen diete gauek eta mundua konpontzeko ahalmena transferitzen zaigu ordu txikietan. Dantza egiten edo abesten jakin gabe ere, gaueko erregina eta errege bihurtzen gara, batez ere, gure gustuko abesti berezi hori jartzen digutenean. Helduaroa esan dut, baina seme-alabarik gabeko helduaroaz ari nintzen.

Zer gertatzen da seme-alabak izatean, normalean? Bada, gauek bestelako xarma hartzen dutela. Ez da ironia, ez horixe! Gauak bestela maitatzen ikasten duzu. Lo gutxi/gaizki egiten duten seme-alabak izanez gero, magiko bihurtzen dira: lehenengo, erlijio-kutsua bueltatzen da zure bizitzara, gaua otoi egiten hasten zarelako –mesedez, gau on bat behar dut, bakarra–; gero, zure bizitzan inoiz bizi izan ez duzun lo-intermitentzia-gaitasuna garatzen duzu –orain lo-orain esna-orain lo–; ondoren, zure pazientziaren mugak ezagutzeko aukera ematen dizu –mala-ostia orain, goxotasuna gero, ezin dut gehiago…–; hori guztia, zure seme edo alaba maitatzen jarraituz. Horixe bai magia!

Lo ondo egiten duten seme-alabak badituzu, gauak zure momentu bihurtzen dira, nahi duzun guztia posible diren momentuak: irakurri, etenik gabeko helduen arteko elkarrizketak izan, txortan egin… Ez du zertan ordena horretan izan!

Gauak magikoak dira, askotariko arrazoiengatik. Ez dakit zein ordutan ari zaren hau irakurtzen, baina jakin ezazu, irakurle, 06:10ean idatzi dudala hau. Gaua amaitzear dago eta, gaurkoz, nahikoa xarma eta magia izan dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak