Astean, A-8tik pasatzea tokatu zait, ezbeharra gertatu zen toki beretik. Hotzikara batek zeharkatu du nire bizkarrezurra. Gorputzak ezin izan du ekidin hondakin industrialen tonen azpian bi pertsona daudela eta beraien gorpuak bilatzen dabiltzan langileak ere beraien osasuna arriskuan jartzen ari direla sentitzea.
Baina bada euskaldunok egin beharreko hausnarketa sakon bat. Gure herria herri industriala da. Hegotik iparrera eta ekialdetik mendebaldera, enpresa industrial txiki eta ertainez beteta dago gure paisaia. Bi langileen gorpuek desagertuta dirauten bitartean milaka zabor tona sortu dituzte lantegi horiek. Zer egin behar dugu hondakin industrial horiekin guztiekin?