Kanpoan txingorra. Barruan ia berrehun pinguino eta hartz polarren bat hitzekin jolasean eta dantzan. Hinuit familia bat ere hurbildu zen bertara goizeko lehen ordutik.
Oholtza gainean geunden hamaika bertsolari eta gai jartzaileak ez genuen kantuan egiten, dardararen bibrazioen oihartzuna zen sabelaren sakonean sortu eta ahoko kobazulotik ateratzen zena. Bazirudien parean, aulkietan eserita zeuden bertsozaleak izotzezko estatua bihurtuko zirela edozein momentutan.
Baina ia berrehun bihotz horiek izan ziren Siberia-Gasteizko negua Arabako bertsolaritzaren udaberri bilakatu zutenak. Nire eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiet saio osoan zehar gu animatzen eta txalotzen aritu ziren guztiei –baita hotzez mugitu ezinka zeudenei ere–. Zuen berotasunak eta maitasunak Ipar Poloa ere urtuko luke eta pasa den larunbatean zuek izan zineten zuen jarrerarekin txapela etxera eraman zenutenak. Eskerrik asko!