Espainiako Estatuak makineria judizial eta polizial guztia jarri du bere aginduetara eta Herrialde Katalanak errepresio lotsagarrienaren –edo lotsagabeenaren– protagonista bihurtu dira.
Ezin dut disimulatu. Inbidiatan nago. Hiri eta herrietako kale eta plazak herritarrez gainezka ikusteak emozionatu egiten nau. Herritarrak beraien eskubide zibil eta politikoak urratzen dituztenei aurre egiten ikusteak hunkitu egiten nau. Desobedientzia modu kontzientean azken muturreraino eramateko prest dagoen herriak oilo-ipurdia jartzen dit.
Eta, bat-batean, leihotik begiratu, eta emozio eder hori samin bihurtzen da. Euskal Herriko kale eta plazak hutsik daude. Herri bezala ditugun eskubideak behin eta berriz zapaldu arren, isiltasuna da nagusi. Zer behar du herri zahar honek kalera atera eta berea dena aldarrikatzeko? Katalunyak zerbait erakutsi badigu, horixe baita, herri botererik gabe, instituzioak umezurtz daudela.