Klase edo lanera bueltatzeaz aparte, maite eta gozatzen ditugun beste jardueretan murgiltzeko garaia da. Gure kasuan, bertso eskolako ateak irekitzeko garaia da.
Datorren astean irekiko ditu ateak Aramaioko bertso eskolak. Aurten gazte eta gaztetxoen hiru talde arituko dira kontuz eta kantuz euskararekin jolasean. Ea helduok ere jarraitzen dugun hauen eredua eta formalidadez ekiten diogun jardunari. Asko daukagu hauetaz ikasteko!
Gure familia heterogeneo eta bertsozalea berriz elkartu garela ospatzeko, jaia antolatu dugu datorren urriaren 16rako. Egun horretan gure galako arropak atera eta Sastiñan Julio Soto eta Unai Gaztelumendi bertsolari handiak hartuko ditugu. Eta noski, guztiok zaudete gonbidatuta!
Udazken honetako bertso agenda zitaz bete-betea daukagu, herrian ez da bertso konturik faltako: herriko zein kanpotik etorritako inprobisatzaile, gazte zein heldu, hasi berri edo beterano, guztiek izango dute kabida. Baina orain ez noa sorpresa guztiak argitzera! Gehiago jakin nahi duenak jarrai dezala bertsoaren arrastoa eta berandu baino lehen egingo dugu berriz topo!