Zapi zati bat ezer gutxi da, baina milaka zapi zati batu eta herri bihurtzen da, bere etorkizuna erabaki nahi duen herri zaharra. Iaz hasi genuen bidaiak aurrera darrai eta abestiak dion bezala mugarik ez jarri urei, utzi libre beheratzen. Kantauri itsasoak besoak zabalik hartuko ditu Aturritik Ebrora bitarteko tanta guztiak. Bihurtu ditzagun tantak uholde geldiezin.
Hiru printzipiotan oinarritzen da Gure Esku Dago ekimena, herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Printzipio horiek aintzat hartu eta herritarrok elkar errespetatuz gero, urruti iritsiko gara, errespetua baita desberdinen arteko giza harremanak ahalbidetzen dituena.
Bihar atera gaitezen kalera, batu ditzagun gure zapiak eta herri bat garela oihukatu dezagun. Argi utzi dezagun herritarrok garela gure etorkizuna erabaki dezakegun bakarrak eta horretarako antolatuta eta prest gaudela eta ezerk ez gaituela gure bidean geldituko. Ez dugu beste inor mendean hartu nahi, etorkizuna hautatu, besterik ez!