Batzuek euskararen normalkuntzan emandako urratsak garaipentzat dituzten bitartean, errealitateak beste hausnarketa bat egitera behartzen gaitu.
Iparraldean, Frantziako hizkuntz politikek euskarari ez diote inongo baliorik ematen. Nafarroan, Vascuencearen Legea-k guztiz mugatzen du euskararen normalizazioa eta berau bertan behera utzi ezean nekez garatu ahal izango da benetako politika linguistikorik. Euskal Autonomia Erkideagoan, berriz, egoera ez da zoriontzeko modukoa. 31 urte pasatu dira Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea onartu zenetik eta oraindik hori da indarrean daukagun lege bakarra. Agerian dago ez dela gaur egungo erronkei erantzuna emateko tresna aproposa.
Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako datuen arabera, euskararen erabilera "trabatuta" dago, ez aurrera eta ez atzera. Nola liteke ezagutza maila %25ekoa izanda erabilera %3koa izatea?
Esanguratsua da Gasteizen, Bilbon eta Iruñean euskara eta gaztelania ez diren hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzea. Zerbait gaizki egiten ari gara. Ez ahaztu itsaso bat tantaz tanta osatzen dela eta gutako bakoitza tanta garela. Gure eskuetan dago tanta izan nahi dugun erabakitzea.