Eta, horretaz gainera, beste bide hori hartzerakoan, lagunak ere, sarri askotan, alde batera geratzen dira, hor nonbait; edozelan ere, badira ere beste gauza asko alde batera geratzen direnak bide berri hori hartzen dugunean, alegia; ilusioak?
Hain zuzen ere, nora joaten ote dira ilusioak, nora joaten dira ilusio zaharrak, nora joaten dira bizitzak desegindako ilusioak?
Erraustu egiten dira erabat ala fantasmak izango balira bezala irauten dute gugan? Horixe bera da neure buruari egiten diodan galdera.
Baliorik gabeko sinplekeriak ziren eta zuzen jokatu genuen, horrenbestez, ilusio haiek guztiak baztertuta?
Ala... zapuzturik gelditutako bizimodu argitsuago baten ernamuinak ote ziren?
Zein garrantzitsuak diren hartutako bideak eta, are gehiago, zelan aldaraz dezaketen horiek geure etorkizuna; izan ere, askotan, ez diogu inportantzia handirik ematen horri.
Esan beharra dago izan daitekeela ilusio horiek, sarritan, itsutu egiten gaituztela, eta, horren ondorioz, norabidea galarazi.
Horrenbestez, ilusioa neurtu egin beharko genuke momenturen batean; izan ere, ilusioaz ere bizi omen gara, neurriren batean.
Ilusioa amets bihurtuz gero, berriz, inoiz gertatu omen den gertaera bilaka dezakegu, baina, horrela, ametsa amets izango litzateke eta ilusioaren behar primarioa galdu egingo litzateke.
Horrenbestez, eta gauzak horrela, nik neuk uste dut hobe dela ilusioak ilusio utzi eta ametsak, berriz, gauerako baztertu.