Ezin sartu Osasun Mentaleko Zentrora!

Arrasateko Erguin kaleko 23. zenbakian dago Osasun Mentaleko Zentroa, eta, gutxienez, Arrasaten bertan erroldatuta dauden 22.000 biztanleei zerbitzu emateko gaitasuna izan beharko luke.

2016ko otsailaren 4an, familiarteko gertuko kide bat zentro horretara eramateko beharra izan genuen; egoera fisiko eta psikiko larrian zegoena. Txanda-eguna baino lehen dena prest eduki ahal izateko, aurrez joan nintzen lekua eta inguruak behatzera, eta zera ikusi nuen:

-Zentrora iristeko ez dago seinalerik inguruan.

-Bertara iritsi arte ezin da ikusi dagoen kartel bakarra. Eta berau ikusteko modua oinez joatea da, autoz joanez gero kontrako norabidean dagoen horman baitago eta espaloi mailatik beherago; beraz, ikusezina da.

-Sarrerako atea espaloiaren mailatik metro batzuk beherago dago; beraz, atera iristeko, bi eskailera-multzo jaitsi behar dira, bata zazpi mailakoa eta bestea sei mailakoa. Bistakoa da oztopo arkitektoniko honek sarbidea galarazten diela gurpil aulkiarekin doazenei, eta makuluekin doazenendako ere ez da batere erraza bertara sartzea; gainera, bustita egoten da eta irrist egiteko arrisku handia dago.

-Antzeko oztopoak daude beste bide batzuetatik sartu gura bada; kasu honetan, eskailerak goranzkoak dira eta ez dago igogailurik.

Zentroko harreragilearekin berba eginda, nire kexak entzun ondoren, anbulantzia bati deitzeko aholkatu zidan; izan ere, gidariak "familiartekoa jaitsiko zidala". Eta hau gehitu zuen: "Guk geuk, libre gaudenean, laguntzen dugu; libre bagaude, jakina". 

Harrituta utzi ninduen beste zerbait ere gehitu zuen; hau da, urteak daramatzatela zentroa beste leku batera eraman dezatela eskatzen, eta Osakidetzaren ospitale zaharra aipatu zuen. Jakina da bertako hainbat gune ez direla erabiltzen. 

Honela, ba, inprimaki bat eman zidan nire kexa aurkezteko, eta egun batzuk geroago bete nuen.

Egoera hau ikusi eta ezagututa, hainbat galdera datozkit burura:

-Nori egiten dio mesede urteetako egoera honek? 

-Balizko erabiltzaile eta familiartekoei halako  oztopoak ezarriz zerbitzua ez erabiltzea da helburu?

  Honela psikiatriako kontsulta pribatuek gora egin dezaten? 

-Edo, oraingoan ere, Osakidetzaren utzikeria da honen guztiaren arrazoia?

Dena dala, egin beharreko maniobra guztien irudi bat izatea oso adierazgarri litzateke.

----------

Arantxa Arregi Liziaga

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak