Tortura salatzeagatik zigortua

Polizia espainiarrak 8 lagun atxilotu berri ditu Nafarroan, ustez tortura salatzen duen mural bat egiteagatik, Guardia Zibila iraintzearen akusaziopean.

 Aztnugal famatuaren egileak eta berarekin atxilotutako beste kideek tortura basatiak salatu zituzten –laguntza alderantziz idatzita utzi zuen atxilotuetako batek bere sinaduraren ordez–. Torturaren eta isolamenduaren aurkako idatzia aurkeztu zuten eta Euskal Herrian zein espainiar estatuan oso eremu desberdinetako pertsona zein eragileen atxikimendu ugari bildu dituzte. Paco Etxebarriak eta bere taldeak torturaren inguruan egin duten lanak polizia guztiek –Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak– modu sistematikoan torturatu dutela baieztatzen du. Hor daude testigantzak, ikusi edo entzun nahi dituenarentzat. Hor daude torturak utzitako hildakoak, zaurituak, eta oraindik ere bizitakoa kontatzera ausartzen ez direnak. 

Ni neu torturatua izan naiz bi aldiz Guardia Zibilaren eskuetan 1991n eta 1994an, hori ahalbidetu duen lege antiterroristaren babespean. Niri egindako basakerien testigantza ere hor dago Torturaren Aurkako Taldeak egin ohi zituen errekopilazioetan bildua eta epailearen aurrean salatua. 

2014ko maiatzean, bailarako gazte talde batek gazte kataluniar batzuei nire testigantza azaltzeko eskatu zidaten. Ni ez naute atxilotu Nafarroan gertatu den bezala, baina Ertzaintzak identifikatu egin ninduen eta 375 euroko isuna jarri didate. Tortura salatzeagatik atxilotuak edo zigortuak izan behar dugu? Hori al da egun Eusko Jaurlaritzak egin nahi duena, gure testigantzak ezkutatu eta eurek alor honetan izandako erantzukizuna ezkutatu? Ze zerbait argi badago da hemen tortura erabaki politiko batzuen baitan exekutatu dela; hau da, Espainiako eta hemengo alderdien babesik gabe ez litzatekeela hau guztia gertatuko. Horregatik, berak beste batzuei exijitzen dien bezala, EAJri exijitzen diot ez ditzala torturaren aurkako hitzaldiak isunekin zapuztu eta aitor diezaiola herri honi torturaren aferan dagokion erantzukizuna, Ertzaintzak egindakoagatik eta besteek egin izan dutenean beste aldera begiratzeagatik. Bitartean, torturatuok ez gara isilduko.

----------

Aritz Arnaiz Laskurain

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak