Lagunak beti lagun

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Antxia Alberdi 2018ko mar. 26a, 17:41

25 urte bete dira Jon (lagunendako Anboto) gure ondotik joan zenetik. 25 urte joan dira dagoeneko, baina inork ez dugu ahaztu Jon, ez etxekook, ezta lagunek ere.

25 urteotan, urtero-urtero izan dute gogoan, eta haren urtebetetze egunaren bueltan (otsailaren 22a) lagunek beti antolatu izan dute zerbait; gehienetan irteera bat –Anboto mendira, sarritan– eta ondoren, bazkaltzeko elkartu.

Urteurren berezia izanik aurten, ospakizun berezia egin gura izan dute, eta etxekook ere gonbidatu gintuzten. 25 urteotako ekitaldien argazkiak ikusi genituen lehenengo, elkarrekin, eta ondoren, Iturrigorri pilotalekura jo genuen. Txistularien doinuei jarraituta bi lagunek aurreskua dantzatu ziguten, Jonen omenezko txapela aurrean zela, Lagunak beti lagun leloaren bueltan. Une hunkigarria izan zen guztiondako, berba bakar batzuekin azaltzeko benetan zaila. Muru Alde elkartean bazkaldu genuen gero; 50 bat lagun elkartu ginen. Eta ospakizunak luze jo zuen. Abestu egin genuen, dantzan, barre egin genuen eta negar.

Eta horregatik guztiagatik, eskerrik asko. Eskerrik asko 25 urteotan, urtero-urtero, Jonekin akordatu izanagatik. Eskerrik asko, gu ere zuen artera gonbidatzeagatik aurten. Eskerrik asko, lagunak beti lagun direla erakusteagatik. Eskerrik asko.

Jon gure artean dagoela sentiarazteagatik.

-------

Aitor Antxia Alberdi

Jon Antxia Alberdiren senideen izenean.
Aretxabaleta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak