"Bergarako Udal Gobernuari erantzunez"

Erabiltzailearen aurpegia Ander Alberdi Lete 2013ko aza. 14a, 01:00

EAJ-PNVko zinegotziek plenoa utzi izana "probokazioa" omen da.

Plataformak jasotako sinadurak iruzurra omen dira, "oinarrizko eskubideak edo naturaren zaintzaren inguruko galdeketarik" ez omen duzue onartzen, atez ateko tratamendua askoz merkeagoa omen da (zein? lur eta ibaiak kutsatzen dituzten zabortegietan egiten diren Europako legediaren aurkako tratamenduak? Bi urte eta erdi pasa ondoren egin ez dituzuen konpostaje plantetan egin beharrekoak?). 

Baketsuki plenoan justifikazioa irakurtzeko baimena eskatu, irakurri eta plenotik alde egitea protesta politikoa da, probokazioa orain urte gutxi direla gure alkate eta zinegotziek jasaten zituzten mehatxu eta irainak ziren. 

Orain, sinadurak jaso eta ia urtebetera, sinaduren iruzurra asmatu duzue kontsultaren aurkako gerra zikina egiteko. 

Bergaran zintzilik dauden milaka poltsak ere, dirudienez, iruzurra dira, manifestazio eta elkarretaratzeak ere bai. 

Hondakinen Mahaian alkate andreak esan zuen: "Bergara remora bat da Mankomunitatearentzat, ez dugulako sistema berria abian jartzen". Baina, horratx! Zer da orduan orain Arrasate? Arrasaten balio al du 5. edukiontziak? Balio al dute beste edukiontzi guztiek? Zergatik ez dute Arrasaten atez atekoa abian jarri Bergaran bezala? Arrasate ez al da "remora" Mankomunitatearentzat? 

Ez dakizue gauzak nola arrazoitu, batean balio duenak bestean ez du balio! Leku batean galdeketa bultzatzen duzue, emaitzak zuen gustukoak izango ez diren susmoa duzuenean galdeketarik ez duzue inolaz ere nahi. 

Motxila handia duzue bizkarrean, baina motxila horretan, herritarrenganako errespetua eta kultura politikoa falta dituzue. Bergaran, Bildu-Aralar Udal Gobernuaren alde ez dagoena bere aurka dago. Herritarren gehiengoak aurrekaririk ez duen ezadostasuna adierazteko eskubiderik ez du. Zuek Udalean egiten ari zareten kudeaketa negargarriaren ondorioz bergararrek egin behar duten bakarra ordaindu eta isil-isilik egotea da. 

Oraintxe onartu duzuen tasa igoerarekin udaletxeko kutxa betetzea duzue helburu, baina inbertsiorik ez dago! Diru-bilketa hutsa, bergarar asko krisiaren ondorioak pairatzen ari den honetan. 

Ezkutukeria eta transparentzia falta, datuak eta informazioa eskatzen ditugun bitartean. Eta gainera, gezurra. 

Gezurra hain erraz botatzen duenak gezurra esateko ohitura duela erakusten du. Makina bat entzun ditugu plenoetan eta hondakinen mahaian, baina orain astebete egunkari honetan bota zenutena ez dugu onartuko. Bergarako EAJ-PNVk ez du sekula desobedientzia zibilera inor deitu, baina zuentzat denak balio du.

--------------------

Ander Alberdi

(Bergarako EAJ-PNV udal taldearen izenean)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak