Gure Alaia jaio da; eskerrik asko!

Erabiltzailearen aurpegia Asier Agirreurreta 2019ko uzt. 19a, 08:07

Egun batzuk pasa dira gure lehen alaba, Alaia, jaio zenetik.

Gurea diogu, guraso, familia eta maite gaituzten lagun guztiena izateaz gain, badaudelako Alaiaren sorreran erantzukizun zuzena izan duten beste pertsona batzuk.

Donostia Ospitaleko amahaurren eraikineko Laguntza bidezko Ugalketa Unitateko Departamentuari buruz ari gara. Hara jo genuenean, gure kasuak zituen zailtasunak erronka moduan hartu zenituzten –gaixotasun larri baten ondorioak–, eta helburua lortu arte ez duzue etsi. Helburua lortuta, errazagoa egiten zaigu eskerrak ematea, baina helburua lortu izan ez balitz ere, zuen partetik dena eman zenuten dudarik ez dugu. Enpatia maximoa eskaini diguzue, zuen ekipoaren motibazio gaindiezina. Alaia ere zuena da.

Eta zer esan Debagoiena Ospitaleko jaiotza saileko pertsonez? Tratu bikaina eman diguzue: haurdunaldian, erditze zail batean eta, batez ere, hurrengo egunetan. Anne, Alaitz, Angela, Itziar, Marisa, Isabel, Edith… espezial sentiarazi gaituzue, bai gu eta baita gure alaba, bere bizitzako lehen egunetan. Zuena ere bada Alaia.

Bukatzeko, bi eskaera Gobernuko eta Osakidetzako agintariei.

1-Laguntza bidezko ugalketa zerbitzuak handitu eta errekurtso gehiago zuzentzea. Zein inbertsiok dauka gure herriko etorkizuna jorratuko duten pertsonak sortzeak baino errentagarritasun handiagorik? Nork daki zein aportazio egingo dioten etorkizuneko gizarteari sail honen lan bikainagatik jaio diren pertsonak? Ez dago etekin hau berdindu dezakeen inbertsiorik; ez Industry 4.0, ez 7.0, ez 14.0!

2-Esan digutenez, Debagoieneko Ospitaleko jaioberrien planta hustu eta hango errekurtso eta pazienteak –amak eta jaioberriak– beste planta batera bideratuko dituzte uda erdialdean, errekurtso berekin, jaioberriez gain, beste patologia edo gaixotasun batzuk dituztenak artatzeko. Argi eta garbi, zerbitzuen kalitatean eragina izango du, pertsona kopuru berak paziente gehiago zaindu beharko baititu. Jaioberrien 4. planta bere horretan mantentzea eskatzen dugu: hango pertsonalaren eta pazienteen arteko giroa gure bizitza berriko lehen egunetarako beharrezkoa da. Eskerrik asko guztioi; espero dugu eskutitz honekin gure Alaia eta artatu dituzuen beste jaioberri guztiak zuen parte moduan sentiaraztea, horrela da eta.

----------

Asier Agirreurreta eta Lorea Sandianes

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak