Egia esan, eguraldiak eta klimak pertsonengan duen eragina aztertzen duen zientzia meteorosentsibleak dioenaren arabera, gizateria osatzen dugunon artean, %30-%50 meteorosentsibleak omen gara. Tenperatura epela dagoenean edo 22 gradu inguru daudenean, umore ona omen da nagusi pertsonengan, eta hortik gainerako tenperaturek sentsibleago eta agresiboago bihurtzen omen gaituzte.
Hori horrela, kontuan izanda bizi garen lekuan egun berean eguzkia, euria, txingorra... egiten duela, jabetu berri naiz hori izan daitekeela arrazoia kanpoko jendeak euskal herritarrak deskribatzerakoan, orokorrean, pertsona hotzak eta itxiak garela esaten duenean.
Bestetik, hainbat ikerketak diotenaren arabera, maitasunaren urtaro nagusia da uda. Eguraldi onak maitasunerako ateak irekitzen omen ditu parez pare, baina baita beste asko itxi ere.
Dena den, ez dakit ni meteorosentsiblea ote naizen, baina dakidana da herrietako kale eta plazak haur hotsez bete direla, urteko egunik luzeena pasa berri dugula, opor usaina hartzen dudala, herrietako jaiak hasteko etxafuegoak prest daudela... eta horrek ni pozik, alai, gogotsu eta umore onez jartzen nauela. Eta zu? Meteorosentsiblea al zara?