Ba al da hitzez adierazi ezin daitekeenik? Ezetz esango nuke. Hala ere, askotan ez da erraza izaten buruan duzuna azaltzeko modu egoki bat aurkitzea. Batzuetan gaizkiulertuak suertatzen dira. Beste batzuetan, aldiz, oso argi hitz egin duzula iruditzen zaizun arren, zure mezua lausoa da gainontzekoentzat. Lausoa edo ezberdina.
Horren adibide argi bezala Whatsapp famatua daukagu. Mugikorretarako aplikazio famatu hau sortu zenetik gero eta gutxiago hitz egiten dugu telefonoz eta gero eta gehiago erabiltzen ditugu mezuak elkarren artean komunikatzeko.
Baina komunikatzeko bidea ezberdina izan arren, azken finean, hitzak dira protagonista. Hitz serioak, jostagarriak, iraingarriak… denetariko hitzak, gehienetan hauek daukaten garrantzia kontuan hartu gabe erabiliz. Zenbat aldiz konturatu ote gara lagun bati mezu bat bidali eta bere erantzuna jasotzean gaizki ulertu duela ikusi? Edo bidalitakoa ulertu behar ez zuena moduan ulertu duela konturatu?
Pentsatzen jarriz gero, hitzek guk uste duguna baino botere handiagoa daukate. Hitz batek, nahiz eta gauza bakarra adierazi, ez du esanahi bera denontzat. Beraz, kontuan izan dezagun denon egunerokotasunean hauek duten garrantzia.