Benetan axola ote digu bestea nola dagoen jakiteak? Gehienetan bost axola zaigu. Galdetzeagatik galdetzen dugu, eta erantzuteagatik erantzuten dugu ondo gaudela, baina, batez ere, hitz-egiteko gogorik ez dugunean egoten gara ondo.
Erantzuteko, ordea, hitz bakar horrekin ez da nahikoa izaten, "ondo, eta zu?" gaineratu behar izaten da. Ondoren interesatzen ez zaigun beste "ondo" bat entzun, pozten garela adieraziko duen zeinuren bat egin eta bakoitzak bere bidean segituko du aurrera. Hala ere, "gaizki" esan eta ingurukoak izorratzeko abilezia duten batzuekin ere egin izan dugu topo. Lan gehiegi, biharamuna, aurpegian ateratako grano hori txoriak gainean egindako kaka eta... Edozerekin depresioari atea irekitzen diotenekin.
Mundua geuk gizendutako arazoz betea dago. Aspertuta bazaude, eman menditik buelta bat, pilates, kapoeira, spinning... bezalako ikastaroetan izena eman, baina, ez biktimismoan murgildu. Denok izaten ditugu egun txarrak eta horregatik ez gara leihotik behera botako. Aurrera egiten lagunduko digun zerbait bilatzean dago gakoa. Bilatzen duenak aurkitzen du. Eta zu, zer moduz?