Debagoieneko euskaltzaleak, Bizkaiko kostara irteera!

Erabiltzailearen aurpegia Zahar Berri 2017ko mai. 24a, 13:09
Mintzapraktika taldeko kideak Bizkaira egindako irteeran.

Zapatuan egin genuen,  Debagoieneko mintzapraktikako programatik, 57 lagunekin,  ikasturte amaierako irteera. Eskualdeko euskaltzale ugarik parte hartu zuen Bizkaiko kostara antolatutako asteburuko ekintzan. Egun paregabea pasa genuen.

Goizean goiz, lehenik Bermeora abiatu ginen eta bertan Hegaluze itsasontzia hartu eta bertako bazterrak hobeki ezagutu genituen.

Itsasontzian, Ogoñoko kobak, Izaro irlari buelta eman eta Elantxobera heldu ginen. Eta bidaian emozio ugari bizi izan genituen, itsasoa ez baitzegoen oso bare.

Berriz, Elantxobetik Bermeoko portu berera itzuli ginen, denok osorik eta goseturik. Bermeon Arrainaren eguna zenez, kostako gastronomiaz gozatzeko parada ere izan genuen. Egun berezia izan ohi da, jende guztia blusak jantzita eta musika leku guztietan. Sorpresa bat edo beste topatu genuen, besteak beste, Gatzagako turismo bulegoko postu interesgarri bat.

Ostean, Bizkaiko kostatik zehar, Lagara heldu ginen. Hondartza ondoan dagoen Toki-Ona jatetxean bertako gastronomia dastaketa eskaini ziguten. Gainera, eguraldi bikaina zenez, bazkal ostean, osteratxo bat eman genuen bertako hondartzatik. Esan beharra dago, Elgetako gazte talde majo bat ere etorri zela eta umore onez eta alaitasunez ibili ziren. Elkarren arteko giro itzela izan zen eta mintzapraktika asko egiteko probestu genuen. Eta arratsaldean, Ea herria bisitatzera joan eta handik etxera itzuli ginen.

Hau guztia, Goienak aurten mintzapraktika egitasmoari luzatutako "euro solidarioari" esker gauzatu genuen. Ekintza honetarako laguntza ederra eman baitigute. Eta mintzapraktikan parte hartzen dutenei, Puntua aldizkaria etxean doan jasotzeko aukera ere eman baitie. Partaideek oso gustura hartzen dute euskarazko aldizkaria.

Bukatzeko, ezin agurtuko gara, Arrasateko mintzapraktika egitasmoan irteera hauxe antolatzen ibili diren, Maribel eta Asuseri eskerrak eman gabe.

Milesker, etorri zineten guztiori! Milesker Goiena!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak