Bengo
Aitor Bengoetxea oiartzuarra ezkutatzen da Bengo izenaren atzean. Musika urbanoaren baitan kokatzen da eta abesteaz gain, Break dantzaria ere bada. 2021ean argitaratu zuen bere lehen lana, 4 Taupada izenekoa eta 2022an plataforma digitaletan zenbait abesti zintzilikatu ostean, iaz argitaratu zuen orain arte kaleratu duen azkena Bizirik izenpean. Aurretik egina zuenarekin alderatuta, soinu anitzagoa lantzen du bertan. Azken urteetan Euskal Herriko txoko ugaritan entzun ahal izan ditugu bere abestiak eta bertatik bertara entzuteko aukera izango dugu lehen aldiz Oñatin.
Sukena
Naia eta Eider Herraez ahizpek 2020an sorturiko pop-rock talde oñatiarra da Sukena. Lagun arteko kontzertu akustiko txikiak ematen hasi ziren eta formazioan hainbat aldaketa izan ostean, Naia eta Eiderrekin (ahotsak) batera, Asier Igartua (gitarra), Xanti Egaña (gitarra), Iratxe Urzelai (baxua) eta Xabi Albistegi (bateria) dira gainontzeko taldekideak gaur egun. Urte hauetan izandako aldaketekin, soinu akustikoetatik aldendu eta soinu elektrikoagoetara gerturatu dira eta hala entzun daiteke 2022ko urrian kaleratu zuten Guztia gordetzea ezinezkoa da diskoan. Bertako abestiak entzun eta gozatzeko aukera izango dugu seikoteak Verduri Hall-Gaztelekuan egingo duen estreinako kontzertuan.