Azken bi asteetan bi txapelketatan izan da Arrasateko Saioa Karate Kluba. Gipuzkoakoa –kadete, junior eta 21 urtez azpikoak– urriaren 5ean jokatu zen Pasaiako kiroldegian, eta, Juan Manuel Salazarrek eta Xavier Varteniucek hartu zuten parte.
Lehenengoa kata eta kumite kadete modalitateetan aritu zen, 70 kiloz azpiko kategorian. Katan ezin izan zen dominen lehian sartu, eta, azkenean, seigarren postuan geratu zen. Kumiten, aldiz, lehen postua lortu zuen. Bi emaitza horiek, Euskadiko txapelketan parte hartzeko aukera eman zioten bi modalitateetan.
Bestalde, Xavier Varteniucek 21 urtez azpiko kata eta kumite modalitateetan –67 kiloz azpikoen artean– garaipena lortu zuen.
Euskadikoan, Kumitean zilarra biek
Euskadiko txapelketa, berriz, urriaren 11n jokatu zen Ortuellako kiroldegian eta eta kadete, junior eta senior mailetan hartu zuten parte. Katen modalitatean, Juan eta Xavier ezin izan ziren dominen lehian egon. Kumite modalitatean, berriz, maila bikaina erakutsi eta Euskadiko txapelketa irabazteko borrokatu zuten.
Juan finalera iritsi zen kadete mailan –70 kiloz azpikoen artean–. Maila horretako lehen finala izan zuen, eta ondo borrokatu zuen arren, aurkaria gehiago izan zen. Txapelketa ederra burutu zuen, eta, orain, egindakoa aztertu behar dugu, etorkizunean hobetzeko.
Xavierrek txapelketa ikusgarria jokatu zuen seniorretan –67 kiloz azpikoen artean–; mailako horretako lehen txapelketa izan zuen. Kontuan izan behar da Euskadi punta-puntakoa dela kategoria horretan, bai nazioan, bai nazioartean; Espainiako ligetako eta Espainiako txapelketetako txapeldunak dituelako eta selekzioan lehiatzen. Xavierrek nagusitasunez irabazi zituen bere borrokaldi guztiak, eta, horri esker, Arabako aurkaria –Espainiako selekzioko lehiakidea– zain zuen finalera iritsi zen. Xavierrek borroka ona egin zuen hasieratik bukaerara, baina, azkenean, galdu egin zuen.
Oro har, oso txapelketa onak jokatu dira egun hauetan, eta zorionak eman nahi dizkiegu emaitzengatik eta tatamian parte hartzeagatik.
Asteburu honetan Iruñera joango dira euskal selekzioarekin entrenamendu bat egitera, datorren azaroaren 15ean Jaenen jokatuko den Espainiako kadete, junior eta 21 urtez azpiko txapelketa prestatzeko. Espero dugu maila ona erakutsi ahal izatea, txapelketa horretan lehiatzeko hautatuak izan daitezen.
ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.
ASTEBURUETAKO BULETINA
Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.
Harpidetza aukera guztiak