Bere garaian ziren Lan Mutualiteetara egindako kotizazioen harira milaka eta milaka herrikidek eskatua dute, iazko udaz geroztik, beren Errenta Aitorpenak zuzentzea, eta gehiengo zabal batek ez du oraindik erantzunik jaso.
Halaber, iaz 10 urte bete ziren gure eskualdearen ikurra zen Fagor Etxenestrak kooperatiba hondoratu zenetik, horrek ere milaka herrikideri sakonki eragin zien, beren ametsak eta diruak kooperatibarekin batera hondoratzen sentitzean.
Bai pentsioen tributazioak zein Fagorren izandako galerak 2023ko Errenta Aitorpenean jaso behar
dira, eta kasu batean zein bestean erantzunak baino galderak dira nagusi.
Azken hilabeteetan sasi-informazio asko ibili da bolo-bolo, kasu askotan akatsez eta hutsuneez betea, baita hedabide batzuetatik zabaldutakoa ere; horren aurrean, herritarrok informazio zehatza eta garbia jasotzeko premiaz eta egarriz gaude.
Portaloiko kideon artean ere kezka berberak somatu ditugu eta erantzun bat ematearen premia sentitu dugu.
Hori horrela, interesgarria iruditu zaigu iragartzen ari garen Solasaldia antolatzea gai hauen inguruan interesa eduki dezaketen herrikide guztiei irekita.
Portaloi Elkartearen baitan badugu zerga alorrean eskarmentua duen kiderik prest gai hauen inguruko informazio zabala eta zuzena eman eta zalantza ugariak argitzen saiatzeko.
Hala nola, askok jakin ez arren 2023ko Errenta Proposamen askotan pentsioen tributazio murrizketa aplikatuta dago; baina ez Kooperatibista Jubilatuen kasuan, eta hauek ere kasu askotan murrizpena aplikatzeko eskubide hori badute.
Egoera horretan onartutako Errenta Proposamenak gaizki daude, baina badaude hori zuzentzeko bideak.
Halaber, askok ez dakite Fagorren izandako galerak 2023ko Errenta Aitorpenean sartu ahal dituztela;
han izandako galera guztiak ez dutela tratamendu berdina; kasu batzuetan norberak erabaki dezakeela nola erabili aukera batzuen artean...
Kasu hauetan ere, informazio egokiarekin eta norberaren datu zehatzak aztertuta, askotan komenigarria izan daiteke jasotako Errenta Proposamenak aldatzea; eta, aldatu gabe onartu badira, hori zuzentzeko ere bideak badaude.
Fagorren izandako galerak dagoeneko hilik dagoen senide batenak balira, horren ondorengoek aplikatu ditzakete; halaber, pentsioduna hilik egonik ere, haren izenean egindako aitorpenetako pentsioen murrizpena aplikatzea eskatu daiteke...